Buenos Aires, Argentina. ‘Hiri bakarra, kultura ugari’ lelopean, hiriburu argentinarrak "Buenos Aires Celebra a las Colectividades" (Buenos Airesek Gizataldeak Ospagai) jaialdiaren edizio berri bat ospatu zuen joan den igandean, azaroaren 9an, 12etatik 18etara. Ohi denez, Avenida de Mayo etorbidea komunitate askoren topagune bilakatu zen; izan ere, 40 gizatalde baino gehiago izan ziren partaide euren gastronomia, artea eta kultura partekatzen. Ekitaldiak musika eta dantza emanaldi programa oparoa bildu zuen bi agertokitan, eta standetan artisautza, jateko eta edateko tradizionalak eta herrialde ordezkatuen emblemak erakutsi ziren. Euskal komunitateak ere bat egin zuen hitzorduarekin, Laurak Bat eta Euskaltzaleak euskal etxeen partaidetza medio.
Eguraldia lagun, arratsaldea eguzkitsua eta oso atsegina izan zen, aproposa, Mayo Etorbidea 9 de Juliotik Bolivar kaleraino standak ikusmiratuz pasatzeko. Bi euskal elkarte partaideek euren postuak jarri eta bisitarien galderei erantzun zizkieten eta material zein oroigarri alegorikoak eskaini zituzten. Laurak Bateko standean Jesusa Ontziak-eko artisau piezak zeuden. Euskaltzaleak-ekoan, berriz, Zirimiriren zeramika lanak, elastikoak, giltzariak, txapelak, zapiak eta pinak zeuden salgai.
Euskal Gizataldearen ordezkari, Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari Arantxa Goikoak eta Euskaltzaleak elkarteko Carlos Bordagaray-k Bolivar kaleko oholtzako ekitaldi ofizialean hartu zuten parte
Jarduera eszenikoen alorrean, Laurak Bat Euskal Etxeko dantzari taldea Bolivar kaleko agertokian aritu zen eta 'San Migel' eta 'Arku Dantza' dantzatu zituen. Euskaltzaleak-eko Elkarlanean taldeko dantzariek, aldiz, Zuberoako Maskarada eskaini zuten Tacuarí kaleko agertokian. Euren partaidetza aktiboarekin, Laurak Bat-ek zein Euskaltzaleak-ek euskal kulturaren enbaxadore gisa duten zeregina berretsi zuten hiriburu argentinarrean.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


