Baiona, Lapurdi. Beste urte batez giro ederreko elkarretaratzea egin zuten joan den asteburuan, Baionako Pesten larunbatean, Frantziako euskal etxeetako ordezkariek. Bertaratu ziren, besteak beste, Pariseko Euskal Etxea, Bordeleko Eskualdunen Biltzarra, Paueko Lagunt eta Maita, Montpelier-ko Euskaldunak, Tolosako Denak Bat, Lyongo Euskal Etxea eta aurten antolatzaile zen Marseillako Euskal Etxea. Gonbidatua zegoen, baina ez zuen ordezkaririk bidali Saint Pierre eta Mikeluneko Euskal Etxeak. Urtero txandaka euskal etxe frantses batek hartzen duenez bilera antolatzeko ardura, aurten Marseillakoari zegokion, eta ederki bete zuen infitrioi izate lana. Gonbidatuta bilkuratu zen baita ere Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berria, Ziortza Olano Astigarraga, bere bulegoko Manu Meaurio teknikariarekin, bere momentuan Zoom bidez egindako lehenengo online bilera eta kontaktuei oraingoan aurrez-aurreko agurtze eta solasak gehituz.
Bazkariarekin batera, ezinbesteko kantuak. Hona 'Xalbadorren heriotzean'
Eta beste kantu klasiko bat, "Arrantzaleak gire bai donibandarrak Itsasoa da gure ama..."
Eta egunari zer amaiera egokiagoa eman mus partida batzuk jokatzea baizik?
"Urtero topaketa berezia da hau guretzat, giro lasaian bildu eta elkarrekin aritzeko aukera ematen baitigu", laburbildu zioten EuskalKultura.eus-i bertan zeuden zenbaitek. "Aurten bereziagoa izan zen Louis 'Koldo' Bernat Marseillako EEko diruzaina izandako lagunari, duela gutxi hila, egin nahi izan genion omenalditxoa, bere familia guztia bazkalostera, kafea hartzera gonbidatuta, Gogoan zaitugu, Koldo", esan digu euskal etxe marseillatarreko lehendakari eta ekitaldiko antolatzaile-taldeko buru Fernando Zabalzak.
Ekitaldia ahalbidetu zutenen artean, bateko edo besteko babesa emanez, Fernando Zabalzak bere esker ona azaldu nahi izan die antolatzaileen izenean lehenengo eta behin Baionako Hiriari, leku benetan aparta eta historikoa den Tour de Sault uzteagatik; Banque Credit Agricole-ri eta honen ordezkari bertan zen Inchauspe jaunari; Tolosako Mirua taldeari; Yayayos Peñari, mahaiak eta tresneria eta materiala utzita; Pierre Oteiza aldudarrari, izen bereko bere enpresako jatekoa eta hamaiketakoa ekartzeagatik; Hiriburu-ri, bazkaria eta lanagatik... batere ahaztu gabe Marseillako Euskal Etxeko Nelly Minjou eta Hervé Laxague-ri eta, Bistan da, Eusko Jaurlaritzari, urtean zehar ematen digun laguntza guztiarengatik".
Datorren urtean, Bordaleko Euskal Etxeari dagokio bilkura antolatzeko txanda.