Montevideo, Uruguai. Aste honetan ari da garatzen Montevideon (azaroaren 24, 25 eta 26an) eta Buenos Airesen (28, 29 eta 30ean) MASS zinemaldia, Málagako (MA) eta Donostiako (SS) zinemaldietan estreinatutako film hautatuak proiektatuz, askotan itsasoaren alde honetako pantaila komentzialetara iristen ez diren pelikulak helarazteko helburua duen ekimen honetan. Espainiako estatuan grabatutako sei izenburu hautatu ditu zinemaldiaren bigarren edizio honek. Emanaldietan filmetako zuzendari, aktore edo ekoizleak arituko dira. Montevideoko saioak Cinematecan egin ziren.
Donostiako Zinemalditik, honako lanak heldu dira: Karmele, euskaraz grabatua, Espainiako Gerra Zibil ondoa testuinguru. Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' eleberrian oinarritua, euskal diaspora ere osagai. Asier Altuna zuzendaria estreinaldian partaide izango da, gaur bertan 21:30etan; Alberto Rodriguez-en Los Tigres, pelikulako ekoizle Koldo Zuazua eta Juan Morenok aurkeztua; 'La cena'k, berriz, Manuel Gómez Pereira dauka zuzendari, eta bertan Asier Etxeandia bilbotarra protagonistetako bat, biak MASS Zinemaldian partaide. ('Karmele' ikusi nahi dutenentzat, bi sarrera zozketatuko ditu Montevideoko Euskal Erria EEk. Parte hartzeko, euskalerriamvd@gmail.com helbidera idatzi, interesatuaren izena ipiniz).
Karmele-ren trailerra, Asier Altuna zuzendari, euskara grabatua
'Los tigres'-en trailerra, Alberto Rodríguez zuzendari
'La cena', Manuel Gómez Pereira zuzendari, Asier Etxandia (Bilbo, 1975) aktoreetako bat
'La buena letra'-ren trailerra Celia Rico zuzendari, Loreto Mauleon aktore euskalduna protagonista
Malagako Zinemaldian aurten estreinatutako pelikulen artean Uruguain eta Argentinan aurkezteko ekarritako hiru izenburuak dira: Sorda, Eva Libertad zuzendaria eta Miriam Porte ekoizlea aurkezle izango dituena; La buena letra, Celia Rico dauka zuzendari eta zuzendariak berak eta protagonista duen Loreto Mauleon aktore euskaldunak aurkeztuko dute; eta Una quinta portuguesa, Avelina Prat zinemagilea eta Miriam Porté ekoizlea aurkezle izango dituen filma.
Buenos Aires
Asteburuari begira, zinemaldiak Río de la Plata gurutzatu eta Buenos Aires hirira pasatuko da. Hiriburu argentinarrean izango duen egoitza San Martin Antzokiko Leopoldo Lugones aretoa izango da. Sarrera libre eta doakoa, eta antzokian bertan eskuratu ahal izango da pelikula hasi baino bi ordu lehenagotik hasita. Data, izenburu eta orduak:
- Azaroaren 28an, ostirala: 'Los tigres' (18etan); 'La buena letra' (21etan)
- Azaroaren 29an, larunbata: 'Sorda' (18etan); 'La cena' (21etan)
- Azaroaren 30ean, igandea: 'Karmele' (18etan); 'Una quinta portuguesa' (21etan)
Aipatzekoa da bi herrialdeotako saioetan partaide izango direla José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Juan Antonio Vigar Málagako Zinema-Jaialdiko honen parekoa. Montevideoko saioetara etorritako ordezkariek Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxea bisitatu zuten atzo eguerdian.
Euskal bazkaria Euskal Errian

Iaz bezala, MASS jaialdiko taldeari ongi etorria eman zion Euskal Erria Euskal Etxeak
Euskal Erria Euskal Etxean egindako harrera-ekitaldi eta bazkariak euskal elkartearen eraikinean bertan dagoen Pacharan Euskal Tabernak prestatu zuen, Euskal Herriko HIKA Upategiaren koordinaziopean. Eta gogoan hartzekoa da, bestalde, kointzidentzia, baina HIKA Upategiak atzo jaso zuela, jaso ere, Michelin izar berdea, Espainiako estatu mailan Malagan egindako ekitaldian. Zorionak!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


