Córdoba, Argentina. Cordobako Gerora euskal kultura elkarteak hizkuntza aniztasuna ospatzeko urtero antolatzen duen hitzorduaren edizio berri bat egingo du datorren ostegunean, azaroaren 27an. Izan ere, Cordobako Unibertsitate Nazionaleko (UNC) Hizkuntzen Fakultateko Areto Nagusiak 'XVI. Hizkuntza gutxitu eta eremu urriko hizkuntzen topaketa. Hizkuntza, Zapore eta Kulturen arteko elkarrizketak' izenpeko saioari emango dio abegia, 16 urteko ibilbidearekin bertako gizataldeentzat erreferentzia gisa finkatu den espazioa.
Aurreko edizioetan jorratu izan dira besteak beste, hizkuntza eta artea, hizkuntza eta haurtzaroa, edota emakumeek hizkuntzaren transmisore gisa duten zeregin. Aurtengoan, herri baten hizkuntzaren eta gastronomiaren arteko loturak aztertuko dituzte. Gerorako lehendakari Agustina Madarietak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez: "Gastronomia aukeratu dugu, hizkuntza bat herri baten zaporeekin ere hezurmamitzen dela uste dugulako".
Plater dastaketa

Topaketa ostegun honetan egingo da, 18etatik aurrera UNCko Ikasgela Nagusian
Topaketak probintziaren migrazio aberastasuna ordezkatzen duten elkarte ugari bilduko dira. Gerora elkarteaz gain, jardunaldian partaide izango dira, Córdobako Casal Catalá, Polonia Berria, Galiziar Etxea, Piamonteko Familia eta Lituaniako Etxea elkarteak. Bakoitzak plater tradizional baten errezetaz gain, hauen historia eta egitura soziala eta kulturala partekatuko ditu. Programak amaiera berezia izango du, aurkeztutako platerak dastatu eta elkarbanatuko baitituzte.
Ekitaldia orori da irekia eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


