euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Egoitzaren geroarekin zalantzak, baina Azulgo Gure Txokoak gogor segitzen du lanean eta proiektu berrien alde egiten

2025/07/14

Gure Txokoa E.E.ko batzordeko kideak: ezk.esk, Alfredo Dussio eta Cynthia Uberuaga. Atzean: Ma. Luisa Carrizo, Ma. Inés Etchevers, Horacio Aguilar, Hilda Zubeldía, Omar Marzochini, Ma. Guillermina Azcué, Evelia Bianchi, Sonia Latasa eta Pedro de Erquiaga
Gure Txokoa E.E.ko batzordeko kideak: ezk.esk, Alfredo Dussio eta Cynthia Uberuaga. Atzean: Ma. Luisa Carrizo, Ma. Inés Etchevers, Horacio Aguilar, Hilda Zubeldía, Omar Marzochini, Ma. Guillermina Azcué, Evelia Bianchi, Sonia Latasa eta Pedro de Erquiaga

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. Gure Txokoa Euskal Etxeko bazkideak atzo igandea, uztailaren 13a, bildu ziren Ikurrinaren Eguna, San Fermin eta, batez ere, bertan batzen jarraitzeko aukera ospatu eta baliatzeko. Izan ere, Euskal Etxearen egungo egoitzaren jarraipena zalantzan baitago. Errentan daude, baina salgai dagoen etxe batean, eta salmenta burutuko balitz, egoitza sozialik gabe geratuko lirateke seguruenik. Horrek, baina, ez die eragozten bitartean aurrera segitzea, gogoz, ohiko kultur jarduerak aitzinaraziz eta berriak ere proiektatuz. Duela gutxi, bestalde, Zuzendaritza Batzordea berritu dute, eta María Inés Etcheversi eman diote berriz ere lehendakari izateko konfiantza.

Segitzen dute hilero euren zinema saioek; Azulgo Udal Irrati Publikoan ostiralero "La Voz de los Vascos" izenpean egiten dituzten irratsaioek; Euskara Munduan taldeko kide Maite Salsamendik, talde aurreratu bati ematen dizkion euskara klaseek... Elkartearen ohiko jardueretakoak dira hauek. Laster, Azulgo Unión de Colectividades-en, Eduardo Farinaren eskutik, “Euskal Herriko fauna bereizgarria” hitzaldia eskainiko dute. “Baina proiektu gehiagori ere heldu nahi genieke. Esaterako, ´Legado Vasco´ zabaltzea, UNICENeko Agronomia Fakultatearen Hedapen proiektua, gure arbasoen elikadura-ondareari lotuta egin genuena. Berritu dugu, bestetik, herriko Club de la Lavanda-rekin dugun tratua. Iaz Izpilikuaren Astean argazki lehiaketa eta te dastaketa antolatu genituen elkarrekin", azaldu dio gogotsu EuskalKultura.eus-i María Inés Etcheversek.

 
San Fermin eta Ikurrinaren Eguna ospatu dute joan den asteburuan Gure Txokoko kide eta lagunek

Bidaiarientzako Euskara Klaseak

Azpimarratzekoa baita ere, euskara arloan, Euskal Etxeak garatzen duen ohiko euskara ikastaroaz gain, hizkuntzari lotutako eskaintza berri bat plazaratu dutela Gure Txokon, bereziki Euskal Herrira bidaiatzeko asmoa dutenei zuzendua. Proiektu pertsonala bada ere, Maite Salsamendi irakasleak proposatu berri duen ´Oinarrizko Euskara Bidaiarientzat´ ikastaroak, Euskal Etxearen onespen eta babesa du.

Lau saiotan zehar, euskal kultura, sukaldaritza eta ohiturei buruzko oinarrizko ezagutza ematea du xede; jai tradizionalen berri izatea eta bidaia baten sor daitezkeen  egoerekin lotutako lexikoa ezagutzea: prezio bat nola eskatu, nola galdetu leku batetik bestera joateko, eta esaldi praktikoak “bertako baten moduan mugitzeko”. Klaseak iragarri dira dagoeneko eta online eskainiko dira, ordutegi malguetan, banaka, edo taldeka, bidaiari talde bat izanez gero. Informazio gehiago jaso nahi baduzu, kutsoa egiteko, edo agian zure euskal etxekoei proposatzeko, Maiterekin harremanetan jar daitezke clasesdeeuskerams@gmail.com helbidera idatzita.

Zuzendaritza Batzordea

Ekainaren 30ean burutu zuen Gure Txokoa Euskal Azuldar Etxeak bere urteko Biltzar Nagusia. Elkartearen Txostena eta Balantzea onesteaz gain, Zuzendaritza Batzordeko eta Kontu Ikuskatzaile Batzordeko kideak berritu zituzten, ondorioz honako lagunek osatutzen dutelarik orain Zuzendaritza Batzorde berritua:

- Lehendakari: María Inés Etchevers
- Lehendakariorde: Hilda Graciana Zubeldía
- Idazkari: Cynthia Uberuaga
- Diruzain: Sonia Beatriz Latasa
- Diruzainorde: Horacio Daniel Aguilar
- Batzordekide titularrak: María Guillermina Azcué, Omar Celestino Marzochini, Pedro Ignacio de Erquiaga
- Batzordekide ordezkoak:  María Luisa Carrizo, Evelia Bianchi Etchegoyen, Alicia Nélida Barbería
- Kontu ikuskari titularrak: Alfredo Antonio Dussio, Sara Elesa Aristu
- Kontu ikuskari ordezkoa: María Fernanda Erasun

Aupa Azulgo lagunak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia