Arrecifes, Argentina. “Adiskidetasunari, musikari eta familiari” eskainitako ikuskizun batekin ospatuko ditu Maral musika talde argentinarrak bere zilarrezko ezteiak. Hitzordua, Maralenn jaiotzaren eta ibilbidearen lekuko izan den Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-eko areto nagusian izango da eta taldeko jatorrizko musikariak igoko dira agertokira: Mariana Dominé Irigoyen (ahotsa), Adrian Charras (teklatuak), Christian Rodriguez (perkusioa), Billy Vogt (gitarra) eta Maria Eugenia Cozza (koruak). Boskotearekin batera, dena den, beste hainbat musikari gonbidatu eta artista berri ere arituko dira.
Artistentzat zein publikoarentzat oso berezia izango den gau honetan, Maralek bere errepertorioko abesti adierazgarrienak taularatuko ditu. “Euskal Herriko musika herrikoiak merezi duen lekua izango du ikuskizunean, eta noski, euskal lagunekin konpartituko dugu”, jakinarazi dio Mariana Dominek EuskalKultura.eus-i. “Horretaz aparte, argi eta soinu muntaketa bereziak erabiliko ditugu, baina aldi berean ikuskizuna oso sinplea eta gertukoa izango da”, diosku.
Maral, euskal musika
Bere hasieran Argentinako folklorea jotzen bazuen ere, laster hasi zen taldea euskarazko abesti batzuk sartzen emanaldietan. Izan ere, Marianak euskal arbasoak ez ezik, harreman eoso estua dauka Arrecifesko euskal etxearekin –elkarteko lehendakaria ere izan zen– eta horrek eragin handia izan du taldearen ibilbidean. Erromerietan oholtza gainean talde moderno batek euskaraz kantatzea nobedade handia izan zen Argentinako euskal Diasporarentzat eta berehala sortu zitzaizkion taldeari hainbat lekutan jotzeko aukerak: Euskal Aste Nazionaletan, BAC (Buenos Aires Celebra) bezalako jaialdietan eta baita Euskal Herrian bertan ere, Eusko Jaurlaritzak gonbidaturik.
25 urte hauetan, zazpi CD kaleratu ditu taldeak eta lautan (Taupadak, Herriz herri, Bazkalosteko abestiak eta Abesti ahaztezinak) euskarazko kantak topa daitezke. Horretaz aparte Eusko Cantat Ahots Taldeen Nazioarteko Txapelketako saria irabazi zuen Maralek 2007an.
Historia luze eta gogoangarriarekin, ospatzeko arrazoi ugari ditu talde argentinarrak eta bere betiko lagun eta jarraitzaileekin ospatu nahi du. Jaia herrian ‘La Vasca’ izenarekin ezaguna den Euskal Etxean izango da. Data irailaren 5a, eta sarrerak uztailaren amaieran jarriko dira salgai Taldearen sare sozialetan. Bitartean Maralen klasikoak entzun nahi dituenak, beren youtube kanalean aurki ditzake, “kontzerturako prestatzen hasteko”, gonbidatzen du Marianak.
- Maral Instagram-en, maral.arrecifes