Elko, Nevada, AEB. Salgai dago Nevadako Elko hiriaren erdigunean Nevada Hotela izan zena, 1927an euskal artzainei abegia emateko Anastasio eta Jeanne (Ernaut) Viscarret euskaldunek eraikitako negozioa izan zena. Anastasio Viscarret (1890-1955) nafarra zen, esaindarra, eta emaztea, Jeanne Ernaut (1898-1977), urepeldarra. Hogei urte geroago negozioa Aguirre familiari saldu zioten, eta hauek lekua herriko euskal ostaturik zaharrenaren (Telescope) ondoko helbidera aldatu zuten. 1985ean, apopiloak kendu eta lekua Nevada Dinner House bilakatu zen, hainbat urtez euskal jatetxe gisa segitzeko. Lerro hauek idazten ari denak ezagutu zuenean, 90eko hamarkadan, Leo eta Leonie (Elizagoyen) Morandik gobernatzen zuten, Leo italiarra eta Leonie heletarra, eta Basque deiturari erantzuten zion, sukaldarien artean Ana Mari (Ozamiz) Arbillaga arteagatarra eta William Aguirre bertako euskalduna. Geroago, saldu eta jatetxe euskal-italiarra bilakatu zen, eta geroago italiarra, egungo Luciano's-era heldu arte, jabeak ez euskaldunak.
Salmenta publikoan duela pare bat aste ipini dute. 850.000 dolar eskatzen dituzte, bere estaia nagusia, sotoa eta goiko gelak (luzaro erabili ez badira ere garai bateko euskal artzainen gelak segitzen dute lehenengo solairuan, biltegi gisa erabilita) barne, eta aparkalekua. Eraikina Elko bertako higiezin-saltzaile batek, euskal jatorrikoa bera ere, saltzen du, Aintxane (Meñaka) Whitaker-ek, Elkoko Euskal Etxeko kide, dantzari izana gaztetan, eta haurrak ere ildo hirretan hezi dituena. Auzoak euskal ostatu eta jatetxe gehiago izan zituen, oso famatua izandako bat, Biltoki (1983-2013), ondoko etxemultzoan, Ramon Zugazaga gernikarrarena. Hurbil dago egun puru-purian dagoen Ogi taberna-jatetxea. Baina zalantzarik gabe, Star Hotela izan da 1910ean euskal ostatu izateko Pete Jauregui gernikarrak eraiki zuenetik, euskal markaren sua hobeki mantendu duena Elkon, ondo-ondoan, 115 urteotan jabeak aldatu arren, beti euskaldunen eskuetatik euskaldunen eskuetara pasatuz, azkenekoz 2004an, Miguel Leonis eta Severiano Lazcano, hurrenez hurren Donamaria eta Gazteluko nafarrenetik, Elkon euskaldunen seme jaiotako egun gobernatzen duen Scott Ygoa lesakar jatorrikoarengana.
- Nevada Hotela izan zenaren prezio, ezaugarri eta argazkiak