Montevideo, Uruguai. Ekainaren lehen hamabostaldian jarri zuen martxan FIVU Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak ‘Bikote-Praktika’ ariketa linguistikoa. Euskararen erabilera sustatzeko helburua du, era ludikoan, euskal etxe ezberdinetako ikasleak partaide, eta inguru hurbil, seguru eta zaindu batean garatuta. Lehenengo aldi honetan ekimena hamar egunez luzatu da eta ikasleek, bikoteka antolatuta, telefono mezuak idatzi eta erantzun behar izan dizkiote elkarri euskaraz. Arrakastaz bururatu da.
Federazioko irakasleek Euskalkultura.eus-i azaldu diotenez, bikoteak beraiek sortu zituzten, beraiek baitira euskal etxe diferenteen arteko lotura, eta ikasleen maila –maila berdineko bikoteak sortzeko– dakizkitenak. “Helburua, ´normaltasunez' komunikatzea zen; eguneroko gaiei buruz idatzi eta mezuak trukatzea eta komunikazioaz gozatzeaz; izan ere, hizkuntzaren zuzentasuna bigarren plano batean geratzen da ariketa honetan”, adierazi dute.
Ekintzaren antolakuntza
Diasporan euskara ikasten eta irakasten ari direnen ahulezietako bat, hizkuntza erabiltzeko guneak ez izatea da. Horretan aurreratu ahian, FIVUk proposatzen duen ‘Bikote-praktika’ irtenbide duin bat izan daiteke, euskal etxeak beren errealitatera egokituz gero.
Ariketa xinple eta erraza da; urrats hauek jarraitzea baino ez du eskatzen:
- Parte-hartzea eskainiko zaie ikasleei, nahi duenak hartuko du parte
- Irakasleek osatuko dituzte bikoteak eta partekatuko dituzte telefono zenbakiak
- Egunero, bikotekide bakoitzak mezu bat bidali eta mezu bat erantzun (egun batean bi mezu bidaliko dizkiote elkarri parte hartzaileek gutxienez)
- Iradokitako gaiak eguneroko gai arruntak dira, “zelan ibili zara gaur?”, “Zer egingo duzu asteburuan?”, zaletasunak… Gai eztabaidagarriak, politika, erlijioa... eta iraingarriak izan daitezkeenak ekidingo dira
- Zerbait gaizki badoa edo norbait deseroso sentitzen bada, irakasleari abisatuko zaio
- Arauak betetzen ez dituen parte hartzaileak ezin izango du ariketan jarraitu.
Bikote-Praktikaren lehen edizioa arrakastatsua suertatu da oso ikasleen artean eta ariketa bukatu eta gero egindako inkestatxo batean oso balorazio onak topatu dira. Baloratutako ariketaren onuren artean azpimarratu dute, esaterako, euskara benetako egoera batean erabili ahal izatea eta beste euskal etxe batzuetako euskaldunak ezagutu ahal izatea. Erantzunek animatu dituzte antolatzaileak bigarren edizioa, laster, egitera.
- FIVU Instagram-en: fivu_uruguay