euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru eguneko saio politiko, instituzional, akademiko eta kulturalak Parisen, Euskadi-Frantzia harremanak sendotzen

2025/11/18

Pradales lehendakariaren bidaia gaur eta bihar Parisera, gaur arratsaldean Euskal Etxea bisitatuko du
Pradales lehendakariaren bidaia gaur eta bihar Parisera, gaur arratsaldean Euskal Etxea bisitatuko du

PUBLIZITATEA

Paris, Frantzia. Imanol Pradales lehendakariak bi eguneko bidaia ofiziala hasiko du gaur asteartea Parisen, Euskadi-Frantzia arteko harreman instituzionalak, europarrak eta kulturalak indartzeko helburuarekin. Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak eta Arantza López de Munain Euskadiren Frantziako ordezkariak lagunduta, Lehendakaria punta-puntako arduradun politiko, akademiko eta kulturalekin batzartuko da, Europarekin konprometituta dagoen eta nazioarteko berezko proiekzioa duen eragile gisa Euskadik duen posizioa finkatzeko, adierazi dute Eusko Jaurlaritzatik.

Lehendakariak gaur asteartea abiaraziko du ekitaldien agenda, hain zuzen ere, Jacques Delors Institutuan. Europar Batasunaren etorkizunari buruz hausnartzeko erreferentziazko gune horretan, Lehendakariak lan-bilera bat izango du, zehazki Europaren erronka nagusiei buruz Euskadik duen ikuspegia partekatzeko, besteak beste, lehiakortasun industrialaz, lurralde kohesioaz eta trantsizio ekologikoaz. Ondoren, Imanol Pradalesek Sciences Po Parisen hitzaldia eskainiko du, Euskadi in the face of a changing world order izenburupean, moderatzaile-lanak Arancha González Laya tolosarrak, Espainiako Kanpo Harremanen ministro ohi eta gaur egungo Paris School of International Affairseko dekanoak egingo dituelarik. Sciences Po Frantziako eta Europako unibertsitate erakunde ospetsuenetako bat da, espezializatua hain zuzen ere gizarte-zientziak, zientzia politikoak, harreman instituzionalak, zuzenbidea, ekonomia, historia eta soziologian.

Elkarretaratzea Eskual Etxean

Arratsaldean, Lehendakaria Carole Delga Frantziako Eskualdeen Elkarteko presidentearekin elkartuko da, deszentralizazioarekin, kohesioarekin eta mugikortasunarekin lotuta Europako eskualdeek dituzten erronka komunak aztertzeko. Batzar horren ondoren, 19ak aldera, euskal diasporarekin topaketa bat egingo da Pariseko Eskual Etxean, Euskadiren Frantziako Ordezkaritza eta Pariseko Eskual Etxe bera antolatzaile, batik bat auzo herrian bizi den euskal komunitatearekin dauden harremanak estutzeko.

Asteazkenean, azaroaren 19an, Pradales Catherine Chabaudekin bilduko da, Frantziako Gobernuaren Itsaso eta Arrantzarako ministro ordezkari izendatu berriarekin. Bilera horretan batez ere, Europari eta itsasoari lotutako gaietan lankidetza jorratuko da, betiere helburutzat hartuta etorkizunean Makroeskualde Atlantikoaren sorrera egia bihurtzea. Era berean, Lehendakaria Valérie Pécresse Île-de-Franceko Eskualde Kontseiluko presidentearekin ere elkartuko da, kasu honetan, berrikuntzan, garapen jasangarrian eta ezagutzaren ekonomian elkarlanean jarduteko dauden aukerak aztertzeko. Île-de-France eskualdeko hiriburua Paris da; eskualde ekonomikorik garrantzitsuena da Frantzian; eta garrantzitsuenetako bat, Europan.

Biltzarra Sorbonnen eta Etxepareren urteurrena

Bidaia hau Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalean (BnF) ospatuko duen 15. urtemugarekin biribilduko da, ekitaldi horrek ondo baino hobeto irudikatuko duelarik euskal hizkuntzak eta kulturak duten nazioarteko proiekzioa. Lehendakaria urteurren horretara ere hurbilduko da, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lagunduta, eta ekitaldian Gilles Pécout BnF liburutegiko presidenteak ere hartuko du parte. Bisita honekin, Euskadik Europarekin, bere diasporarekin eta bere kultura-nortasunaren nazioarteko sustapenarekin duen konpromisoa berresten du Lehendakariak, azaldu du Jaurlaritzak.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenaren karietara antolatutako ekitaldiek beste egun bat segituko dute. Gogora dezagun nazioarteko biltzarra antolatu duela Etxeparek azaroaren 19 eta 20an Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer (hizkuntza minorizatuak frankofoniaren testuinguruan: itzuli, transmititu, eraldatu) izenburupean, Sorbonne Université eta Université Sorbonne Nouvelle unibertsitateak lankide, Ça colle au basque ekimeneko parte.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia