euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trujilloko Euskal Etxeak 8 urte ospatu ditu eta bat egingo du emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko egunarekin

2025/11/19

Trujilloko Euskal Etxearen 8. urteurrenean, elkarretaratzea, hitzaldia, afaria, musika, kantua-eta partekatu zituzten bildutakoek
Trujilloko Euskal Etxearen 8. urteurrenean, elkarretaratzea, hitzaldia, afaria, musika, kantua-eta partekatu zituzten bildutakoek

PUBLIZITATEA

Trujillo, Peru. Ekintza berezi bat prestatu zuten Trujilloko Euskal Etxeko bazkide eta lagunek Elkartearen 8. urteurrena ospatzeko, hitzaldia, musika, afaria eta afalosteko solasaldiak eta abestiak barne. Urteurreneko topaketa azaroaren 15ean egin zen eta Wilfredo Lizarzaburu lehendakariak eskainitako ‘Euskadi Globala’ izenburuko hitzaldiarekin hasi zen. “Eusko Jaurlaritzak munduarekin konektatzeko dauzkan estrategiak azaldu nituen, diasporari lotura dutenak bereziki… Munduarekin konektatzeko tresna gu geu izan gaitezke, Diaspora alegia; euskal etxeak aktore zuzenak izan daitezke egoera horretan beti ere Jaurlaritzaren ikuspuntu politikoa ulertzen badugu eta horretarako prestatzen bagara”, azaldu dio bere hitzaldiaren zentzua Lizarzaburuk berak EuskalKultura.eus-i.

Euskal etxe trujillotarreko lehendakaria duela pare bat aste itzulia da Argentina eta Txiletik, osterako helburu nagusia Buenos Aires probintziako Tandil hirian antolatutako Euskal Aste Nazionalean parte hartzea zelarik eta baita ere, Santiago bidez itzultzerakoan, hiriburu txiletarreko euskal etxeetako buruekin bildu eta solastea, beti ere informazioa trukatu eta plan komunak garatzea tarteko. “Tandilen Eusko Jaurlaritzako Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiarekin eta Ziortza Olano Astigarraga Kanpoan den Euskal Komunitatearen zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan nuen eta burutazio horiek eta bidaian zehar egindako gainerakoak gogoan bota nuen hitzaldia”, esan digu.

Lizarzabururen hitzaldiaz gain, Maria Olanok eta Malen Etxeberria bazkideek euskal kantutegiko abesti batzuk kantatu zituzten eta, afalostean, zorion agurrak, topa-egiteak eta urteurren tarta iritsi ziren. “Zortzi urte gutxi da baina aldi berean, gure kasuan, bidea luze eta aldapatsua izan da eta zinez pentsatzen dugu euskal etxearen urteurrena ospatzea merezi duela, merezi dugula, aukera ederra denez gure nortasuna eta balioak berresteko, lortutakoa apreziatzeko eta EEkoen artean eta komunitatearekin dauzkagun loturak sendotzeko”, adierazi du Lizarzaburuk.

Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna

Euskal Herriko eta diasporako herrialdeetako mugak, zoritxarrez ondo asko gainditzen dituen gaia da emakumeen kontrako bortizkeria, eta datorren astelehenean, azaroaren 24an, bat egingo du Trujilloko Euskal Etxeak egoera hori salatu eta gizartearen arreta deitzen. Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean mahai-ingurua antolatuko dute, hiru partaiderekin: Cecilia Castillo Carranza abokatu eta antropologoa, Patricia Zevallos Echeverria abokatu eta gaur egun epailea, eta Sandra Gastañude Torres Malca. Hiru emakumeak Euskal Etxeko kide dira. Xehetasunak berehala jakinaraziko ditu.

- Sareetan, Centro Cultural Vasco Peruano de Trujillo (Trujilloko Euskal Etxea)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia