Macachín, Argentina. Bukatu berria da La Pampa probintzia argentinarreko Macachin-en (bertako ostiral arratsaldean, Euskal Herrian gauerdi aldea dela) Euskal Gizataldeen arteko 46. Munduko Mus Txapelketa, Estatu Batuak, Kanada, Venezuela, Peru, Uruguai, Txile, Nafarroa, Euskadi, Frantzia, Argentina eta Mexiko partaide. Hamahiru bikote aritu dira txapelketa oficialeko azken eguna izan den urriaren 3an, eta irabazleak Limako Euskal Etxeko ordezkariak izan dira, Juanjo Meneses eta Bittor Lopez (ikusi bideoa).
Txapelketako azken partidako azken minutua: muslari perutarrek irabazi duten momentua
Azken sailkapena
“Oso lehiaketa zaila izan da, bikote guztiek bazuten irabazteko aukera; zorionez azkenean txapel handia guretzat izan da eta poz-pozik gaude!”, adierazi diote EuskalKultura.eus-i Limako Euskal Etxeko ordezkariek.
Azken urteotan hainbat alorretan bereziki aktibo ari den Euzko Alkartasuna Euskal Etxea izan da askok "ospakizun ahaztezin"tzat jo duten ekitaldi honen egoitza antolatzailea. Irailaren 27tik, Txapelketaren hasiera ekitalditik, mota askotako proposamenak eskaini zaizkie parte-hartzaileei partidekin batera: sagardotegi afari tradizionala, tango gau bat dantza klasearekin, itsasoko gaua eta ‘Argentina’ko gau bat ere, azken hau chacarera eta malambo dantzen erakustaldi eta tailerra barne.
Euskal dantzak Munduko Mus Txapelketan, bertako dantza taldearen eskutik
Ez, ez da itsasoa, programaren berruan Salinas Grandes-era egindako bisita baizik
Astean zehar, gainera, hainbat txango egin dira Macachin inguruko helmuga turistikoetara, tartean Euzko Alkartasunaren Hipodromo Jolas Parkera, Guatrache-ko komunitate menonitaren “Nueva Esperanza” estantziara eta Gatzaga Handietara, batzuk aipatzearren.
Lagunen arteko afaria, Txapelketak egunero izan duen adiskidetasun giroa ezaugarri
Musa jarduera zinez serioa da muslarientzat, partaidetako bakoitzean islatu denez
Sari banaketa ostiraleko afarian bertan gauzatu bada ere, Euskal Gizataldeen arteko 46. Munduko Mus Txapelketako programa igandean, urriaren 5ean, bukatuko da bazkari eta azken agurrarekin. Larunbatean hala ere, ekintza gehiago daude iragarrita: pala egokitu erakusketa eta afari jendetsua, horietako nagusiak. Afarian Euzko Alkartasunako dantzariek dantzatuko dute eta La Pampa probintziako Gobernuko agintariak eta Udalekoak eta FEVAko ordezkariak egongo dira, baita Maipú, Santa Rosa eta Bahía Blancako euskal etxeetako ordezkaritzak ere.
Aipatzekoa, 2026ko Munduko Txapelketa Euskadin izango dela, seguruenik Bilbon, behin-behineko data urriaren 10etik 18ra.