New York, AEB. Euskadiren Estatu Batuetako eta Kanadako Ordezkaritzak harrera-ekitaldi bat antolatu du aurten ere, bertara gonbidatuta azaroaren 2an, igandea, Etxeorratzen Hiriko Maratoi ezagunean parte hartuko duten korrikalari euskaldunak. Hitzordua lasterketa baino bi egun lehenago izango da, urriaren 31ean, 16:00etan, eta kirolarien familiakoak edo laguntzaileak ere gonbidatuta daude. Harrera ekitaldian, elastiko oroigarriak emango zaizkie maratoian parte hartuko dutenei.
Bilera Euskadiren Ordezkaritzaren egoitzan bertan egingo da (820 2nd Avenue, Suite 13B, NY 10017). Elastikoa jasotzearren, Eusko Jaurlaritzak oroitarazi die korrikaldian parte hartu eta oparia jaso nahi duten korrikalariei, aurreko urteetan bezala aldez aurretik behar dutela bidali mezu elektroniko bat euren izena, elastikoaren neurria eta lagun edo laguntzaile kopurua barne, bidali ere usa@euskadi.eus helbidera, azken eguna urriaren 17a, ostirala, izanik.
Isabel Azkarateren Erakusketa
Aldi berean, Euskadik Estatu Batuetan duen Ordezkaritzak gogorarazi nahi izan du joan den ostegunean, urriaren 2an, Isabel Azkarate fotokazetari eta argazkilari donostiarraren "She is her camera" argazki erakusketa ireki zela Etxeorratzen Hiriko Cervantes Institutuaren egoitzan, argazkilaria bera partaide. Erakusketa hiru hilabete eta erdiz egongo da zabalik New Yorken, urtarrilaren 18ra arte eta Silvia Omedes du arduradun edo komisario.