euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehendakaria partaide, ekitaldi bereziak eta Kongresua Parisen Etxepare Euskal Institutuaren 15 urteak ospatuz

2025/11/14

Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrena ospatzeko programa paristarraren aurkezpena joan den astelehenean Donostian
Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrena ospatzeko programa paristarraren aurkezpena joan den astelehenean Donostian

PUBLIZITATEA

Paris, Frantzia. Ekitaldi bereziak egingo dira datorren astean Parisen Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrena gogoz eta oihartzuntsu ospatzeko, ekitaldiotako ekintza sinbolikoena, Pradales lehendakaria, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxearekin eta euskal erakundeetako eta kultura eta gizartearen ordezkaritza zabal bateko buru, hiriburu frantseseko Liburutegi Nazionalean eginik, euskaraz argitaratutako lehenengo liburuaren, izan ere Institutuari izena ematen dion Bernat Etxepareren obra den 'Linguae Vasconum Primitiae'ren ale bakarra gordetzen den instituzioan. Ekitaldi hori, baina, Etxepare Euskal Institutuak Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateak lankide 'Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer' ('Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu') izenburupean antolatu duen nazioarteko biltzarraren testuinguruan egingo da.

Eusko Jaurlaritzak eta Etxeparek berak, Frantziako Liburutegi Nazionala eta Baionako Euskal Museoa lankide dituztela eratutako programa berezi hau azaroaren 19 eta 20an, asteazken eta ostegunean, gauzatuko da, euskara eta euskal kultura eta sorkuntza frankofoniaren esparruan sustatzea xede duen Etxepareren Ça colle au basque egitasmoaren barnean. Biltzarrean bederatzi unibertsitatetako 20 hizlarik hartuko dute parte, testuinguru frankofonoan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronken inguruan hausnartzeko. Hala, Parisko bihotz akademikoan egoera diglosikoan daude hizkuntzen funtzio soziala eta hizkuntza aniztasuna ikusarazi eta aldarrikatuko dira.

Pariseko bihotz akademikoan

Euskara abiapuntu eta inspirazio iturri hartuta, eremu frankofonoko hizkuntza gutxituen arteko elkarrizketa abiatuko da biltzarrean. Hiru mahai-ingururen eta bi hitzaldi nagusiren bidez, hizkuntza horien itzulpen-, transmisio- eta aintzatespen-dinamikei buruz jardungo dute, baita haien eskubideen aitortzari buruz ere. Besteak beste, hizkuntzalaritza, itzulpengintza, literatura konparatua, zientzia politikoa, soziologia, antropologia eta kultura-ikasketen esparruko nazioarteko irakasle eta espezialistek hartuko dute parte. Euskara, unibertso frankofonoko beste hizkuntza gutxitu batzuekin batera —hala nola Guyana Frantseseko hizkuntza indigenak, Antilletako kreolera edo bretoiera—, hizkuntza gutxituen inguruko eztabaidaren erdigunean jarriko duen lehen mailako topaketa akademikoa izango da, adierazi du Etxepare Euskal Institutuak ohar batez.


Frantziako Liburutegi Nazionaleko ekitaldirako gonbidapena

Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiaren hitzetan: "Kongresu hau Parisko bihotz akademikoan egiteak balio sinboliko handia du: hizkuntzen eremuan euskarari bere lekua aitortzea eta hizkuntza-aniztasuna Europako balio gisa onartzea esan nahi du. Normalean periferian kokatzen diren hizkuntzak elkartuz, topaketak erdigunearen eta bazterren arteko harremana irauliko du zenbait egunez, hizkuntza gutxituen eginkizun soziala eta indar bizia lehen lerrora ekarriz”. Hizkuntza-aniztasunaren inguruko hausnarketa eta truke intelektualerako espazio berritzailea zabaltzeaz gain, kongresu honek sendotu egiten du Etxepare Euskal Institutuaren aliantza nazioarteko bi erreferente akademikorekin: Université Sorbonne Nouvelle eta Sorbonne Université. Bi erakunde horietan euskal ikasketek hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dute, eta topaketa honek euskararen eta euskal ikasketen presentzia nazioarteko unibertsitate-eremuan indartzeko jauzi kualitatiboa dakar.

Itzulpena, transmisioa eta instituzionalizazioa

Euskarak protagonismo berezia izango du kongresuan, ikergai zein eztabaidagai gisa. Gainera, Ipar nahiz Hego Euskal Herriko dozena erdi hizlarik hartuko dute parte, Frankofoniaren eremuan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronkak hiru eztabaida-zati nagusitan aztertuz.  Lehen zatia hizkuntza gutxituetako itzulpenari eskainiko zaio, eta itzulpen-politikak eta -praktikak aztertuko ditu hizkuntza horiek ikusarazteko edo baztertzeko tresna gisa. Besteak beste, bretoieraren kasua landuko da, non itzulpen askok balio sinbolikoa funtzionala baino handiagoa duten; edo Guyana Frantseseko hizkuntza indigenen egoera, “Frantziako hizkuntza” gisa aitortuak izan arren, oraindik ere interpretazio- eta informazio publiko- zerbitzu faltari aurre egin behar diotenak, bazterketa eraginez eta herritartasun sentimendua ahulduz. Halaber, euskaratik frantseserako literatura-itzulpena ere aztertuko da, hizkuntza gutxitu baten eta hizkuntza hegemoniko baten arteko asimetriaren adibide gisa, eta Ipar Euskal Herrian euskararen auziak izan duen bilakaera gogoeta-gai izango da.

Bigarren zatiak komunitateek beren hizkuntzak eta praktika kulturalak berreskuratzeko, eraldatzeko eta transmititzeko dituzten moduak aztertuko ditu. Karibe aldera erreparatuz, esaterako, Antilletako kreoleraren berreskurapena izango da hizpide: “lotsaren hizkuntza” izatetik harrotasun kulturalaren eta herritartasunaren ikur bilakatu da. Euskal esparruan, berriz, Behe Nafarroako libertimenduaren berpizkundea izango da aztergai, euskarazko berrikuntza kulturalaren adibide gisa: landa-inauterietako erritu-elementuak eta gaur egungo adierazpideak uztartzen ditu, eta gaur egun harrotasun kolektiboaren eta belaunaldien arteko loturaren sinbolo bihurtu da.

Hirugarren eta azken zatiak arriskuan dauden hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen  instituzionalizazioak dakartzan kontraesanak eta erronkak aztertuko ditu. Besteak beste, kornubieraren adibidea aurkeztuko da: XVIII. mendean eguneroko komunikazio-hizkuntza gisa desagertu bazen ere, instituzionalizazioaren bidez biziberritzea lortu duen hizkuntza da. Halaber, Frantziaren kasua  ere aztertuko da, non hizkuntza gutxituen babesa eta biziberritzea bermatuko lituzkeen lege-esparruaren gabeziak hizkuntza horien biziraupena arriskuan jartzen duen.

- Eman izena Pariseko ekitaldietan parte hartu nahi baduzu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia