Madril, Espainia. Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoiak —Madrilgo Euskal Orfeoia edo Madrilgo Euskal Abesbatza ere deitzen diote— bere udako kontzertua eskaini zuen joan den ostegunean, ekainaren 18an. Marta Pilar Hernando zuzendari eta Belén Castillo piano-jotzaile, "Sega festa" izeneko ikuskizunak “Euskal Herriko hainbat tokitan uda hastearekin batera iristen den sega-garaiari dagokio; lanaren fruitua, ahalegina eta komunitatearen ospakizuna sinbolizatzen dituen garaiari”, adierazi dute koruko kideek.
2025-26ko sasoi amaierako kontzertua izan zen hau, gainera, aukera paregabea izan zen Orfeoiaren errepertorioan sartu berria duten obra bat jendaurretzeko. “Javier Elberdin egungo maisu musikagile pasaitar handiaren ‘Segalariak’ konposizioak kontzertuaren izenari zentzu osoa eman zion, landa-giro eta jai-kutsuko unibertso horretan baitu inspirazioa”, emendatu dute. Kontzertua, ohikoa den legez, San Ignazio Elizan gauzatu zen eta nazioarteko koru-musika garaikideko obrak eta euskal errepertorioko kanta maiteenetako batzuk uztartu zituen, hala nola ‘Itsasoa gara’, ‘Lau Teilatu’, ‘Txoria txori’, ‘Horra hor goiko’ eta ‘Saratarra’. “Aukera ederra izan zen espiritualtasunez eta emozioz beteriko musika koraletik gure herriaren doinu eta oroitzapenetara eraman gintuen ibilbide musikalaz gozatzeko”, azaldu dute errezitalaren protagonistek.
Bideoan, Madrilgo Euskal Orfeoia eta EEko dantzariak Udako Kontzertuan
Emanaldian Madrilgo Euskal Etxeko dantzariek ere hartu zuten parte ikuskizun honetarako propio prestatutako dantzekin. Udari begira, hau ez da izango Orfeoiak eta Madrilgo EEko dantzari, txistulari eta panderojotzaileak batzen dituen ‘Gure Folklore’ taldeak elkarrekin eskainiko duten ikuskizun bakarra. Izan ere, uztailaren 17an eta 18an Txekiar Errepublikako hiriburuan batera aurkeztuko dira, Prague Folklore Days jaialdian.
Ordiziako abesbatza Madrilen

Ordiziako ‘Oroith’ Abesbatza Madrilgo San Inazio Elizan eskaini zuen kontzertuan
Azken egunotan, beste euskal koru batek ere entzunarazi du euskara eta euskal musika Madrilen. Ordiziako ‘Oroith’ Abesbatzak ‘Udari etorrera’ bataiatu zuen kontzertua eskaini zuen hiriko San Inazio Elizan. Anfitrioiek harrera bikaina egin zieten gipuzkoarrei eta kontzertua oso txalotu eta arrakastatsua izan zen.
- Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoia Instagramen, orfeonvascomadrid
- Gure Folklore Madrilgo EEko dantzari, txistulari eta panderojoleen taldea, gure.folk_euskaletxea_madrid
- Madrilgo Euskal Etxea Instagramen, euskaletxea_madri
- Ordiziako Oroith Abesbatza Instagramen
- Madrilgo Euskal Etxearen webgunea

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



