euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andrea Bravermanek 'Maleta batean sartzen dena' nobelaren bigarren zatia aurkeztu du Buenos Airesko Euskaltzaleaken

2026/06/23

Euskaltzaltzaleak-en abesbatzak kantatu eta Renzo Villanuevak dantzatutako Agurrak abiatu zuen Andrea Bravermanen liburua aurkezteko saioa. Idazleak Sol Cicero eta Sabrina Otegui izan zituen lagun mahaian
Euskaltzaltzaleak-en abesbatzak kantatu eta Renzo Villanuevak dantzatutako Agurrak abiatu zuen Andrea Bravermanen liburua aurkezteko saioa. Idazleak Sol Cicero eta Sabrina Otegui izan zituen lagun mahaian

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Duela bi urte Buenos Airesko Euskaltzaleak elkartean bertan lehenengo atala aurkeztu ondoren, Andrea Braverman idazle argentinarra euskaltegi buenosairestarrera itzuli zen joan den ostiralean, "Lo que cabe en una valija" (Maleta batean sartzen dena) bere gazte-nobelaren bigarren zatia jendaurrean jartzera. Hasierako liburuan, Engracia birramona bilbotarraren egunkari ezkutuari esker Sol gazteak aurkitutako familia-sekretua zen ardatza. Jarraipen honek, Solek bere aitaren eta amonaren euskal erroetan eta nortasunean sakonduko du, belaunaldi ezberdinetako irakurleak harrapatzen jarraitzen duen kontakizun erakargarri baten bidez.

Quipu argitaletxeak plazaratutako lan berriak Solen urratsak jarraitzen ditu, bigarren hezkuntzako ikasketak amaitu osteko garaian. Etapa berri honetan, Esteponara (Espainia) bidaiatuko du gazteak, bere ama eta bihotzeko aitarekin denboraldi bat igarotzeko. Inguru horretan, Solek hainbat abentura biziko ditu, lan-munduan murgilduko da eta bere etorkizunari buruzko erabakiak hartu beharko ditu. Aldi berean, Engracia birramonaren historiari buruzko xehetasun gehiago ezagutuko ditu, familiako zauriak sendatzeko ezinbestekoa den topaketa baten bila.

 
Victoria Abasolo eta Carolina Alessandrini, liburuen zozketaren irabazleak, Andrea Braverman idazlearekin batera

Aurkezpena inguratu zuen kultur topaketa abiatzeko, Renzo Villanuevak Agurra dantzatu zuen, Euskaltzaleak-eko abesbatzaren ahotsak lagun. Mahaian, idazleak Sol Cicero eta Sabrina Otegui izan zituen alboan. Cicerok lehen eleberriaren laburpena egin zuen, euskaraz zein gaztelaniaz, eta Oteguik gidatu zuen solasaldia. Hizketaldian zehar, Bravermanek liburuak egindako bidea gogoratu zuen, hala nola Bragadoko Liburu Azokan eta Euskal Echea ikastetxean izandako harrera. Bereziki aipatu zuen Villalonga herrian bizitako esperientzia; izan ere, hango heldu alfabetatu berri batzuek, liburuan oinarrituta, euren ametsak idatzi eta maleta batean sartu zituzten.

Amaiera aldera, idazleak kontakizunaren egiazkotasuna bermatzeko egindako dokumentazio eta ikerketa historikoaren prozesua zehaztu zuen. Publikoarekin galdera-erantzun batzuk trukatu ondoren, liburu-zozketa bat egin zuten, idazleak aleak sinatu zituen, eta ekitaldiari amaiera emateko, elkarrekin afaldu zuten babarrunak jaten, kantu artean.

"Lo que cabe en una valija" Argentinako liburu-denda eta kate handi guztietan eskura daiteke. Gainera, Quipu argitaletxeak denda birtuala du www.quipu.com.ar webgunean, munduko edozein txokotatik erosteko. Bisitatu haien sare sozialak: Fb: QuipuLibros eta IG: quipulibros.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia