euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Lo que cabe en una valija' nobelaren segidan zauri zaharrak sendatu eta euskal sustraiak ezagutuko dituzte protagonistek

2026/04/25

'Lo que cabe en una valija' eleberriaren bigarren zatia 2026ko Buenos Airesko Liburu Azokan egongo da salgai
'Lo que cabe en una valija' eleberriaren bigarren zatia 2026ko Buenos Airesko Liburu Azokan egongo da salgai

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Duela bi urte gomendatu genuen EuskalKultura.eus-en Andrea Braverman idazle argentinarraren 'Lo que cabe en una valija' (maleta batean sartzen dena) liburua. Quipu argitaletxeak plazaratutako eleberri honetan Sol nerabea ezagutu genuen, Buenos Aireskoa. Herrialdez aldatu behar zuen eta prestaketetan egunkari intimo bat aurkitu zuen bere etxeko ganberan. Egunaria Solentzat erabat ezezaguna zen bere euskal birramonarena zen, XX. mendeko Espainiako gerraoste hasieran Argentinara iritsitakoa berau.

Nobelak berehala harrapatu zituen irakurleak, bereziki euskal gizataldekoak, askok euren buruaren isla topatu baitzuten Solen bizipenetan eta batez ere Engraciaren egunarian ezagunak eta gertukoak ziren istorio eta pertsonaiak. 'Lo que cabe en una valija' 2024ko Buenos Airesko Liburu Azokan aurkeztu zen baina Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegian ere jendaurretu zuen idazleak bere idazlana, Quipu argitaletxeko arduradunek batera, oso hunkigarria izan zen topaketa batean.

Orain bigarren zatia

Inprimategitik atera berri-berria Buenos Airesko 2026ko Azokarako, nobelaren bigarren zatia dator. Jarraipen honek bi ildo dauzka: “Bigarren hezkuntza bukatuta, Solek Esteponara (Espainiara) bidaiatuko du amarekin bolada bat pasatzera eta bertan zein karrera ikasiko duen eta non erabaki behar izango du, pentsatu beharko du zer nolako etorkizuna nahi duen eta non. Beste alde batetik lehenengo zatiaren amaieran egindako promesa saiatuko da betetzen, aitaren aldeko familiak daukan zauria sendotu eta iraganarekin adiskidetu ahal izateko”, azaldu digu idazleak.

Bi ildo nagusi hauek beste nobedade batzuk ere ekarriko dituzte. Solen aitaren bikotekide berria, Esteponan ezagutuko duen lagun min bat eta Bilbon topatuko dituen bere euskal aztarnak ezagutuko dituzte irakurleek. Garai txarra da hau Argentinan kulturarentzat eta batez ere liburugintzarentzat. Nobela honen bigarren zatia erronka izan da argitaletxeko arduradunentzat. Hala ere, eta Andreak berak adierazi digunez, “Lehenengo zatiak izan zuen harrera paregabeak animatu gintuen historioarekin jarraitzeko, nolabait itxi gabe geratu zenari amaiera emateko eta Solen euskal sustraietan sakontzeko”.

Liburu Azokan eta Euskaltzaleak-en

“Baina erronka handiena seguruenik, nobela jarraipen naturala izatea da, behartu gabe, eta narratzailearen izaera mantentzea nahiz eta bere bizitzaren beste momentu batean egon. Gainera nahi genuen lehenengo zatia irakurri gabeko irakurleak arazorik gabe sartu ahal izatea istorioan eta hori ere lortu gaudelakoan gaude; jarraipena da baina aldi berean pertsonaien abentura berria, beste momentu eta leku batean”, azaltzen du Braverman-ek.

'Lo que cabe en una valija’ eleberriaren bigarren zatia –Bilbora garamatzan irudi bat azalean– 50. Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokan egongo da, Quipu Argitaletxearen standean, pabilioi horiko 1610/1508 zenbakietan. Maiatzaren 9an arratsaldeko 5etan, Andrea Braverman-ek liburuak sinatuko ditu eta publikoarekin hitz egingo du. Euskal gizataldeari begirako aurkezpen bat ere egingo dute laster Andreak eta Quipuk Euskaltzaleak-en.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia