Buenos Aires, Argentina. Aro instituzional berria abiatu du FEVAk joan den apirilaren 11n Buenos Airesko Laurak Bat egoitzan egindako Ohiko Batzar Nagusiarekin. Orain arte Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko erreferente zen Carlos Alberto Miguelena hautatu zuten Argentinako euskal erakundeak biltzen dituen federazioko lehendakari, bertaratutakoen ia ahobatezko babesa jaso ondoren, izan ere bozka txuri bat baino ez baitzuen jaso aurkeztutako zerrenda ofizial bakarrak, Miguelenak Asier Iriberri marplatarraren lekukoa hartuko zuen karguan.
Lehendakaria berritzearekin batera, Zuzendaritza Batzordeko beste kargu batzuk ere berritu ziren, hala nola 2. lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta bost batzordekide ere. Ekitaldi administratiboa amaitu eta lehendakari berriaren lehen hitzen ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza baten presentziak osagai instituzional sendoa eman zion topaketari. Bertan ziren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olano, Euskadiren Argentina eta Uruguairako ordezkari Sara Pagola eta Kanpo Harremanetarako eta Erakunde Multilateraletako zuzendari Asier Areitio, Benan Oregi eta Mariana Satostegui teknikariekin batera.
Ekarpenak Diasporaren Lege berriari
Zuzendaritza berria hautatuta, larunbat goizeko arreta-gunea Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Lege proiektuari buruzko tailer parte-hartzailea izan zen. Saioan zehar, Benan Oregik indarrean dagoen 8/1994 Legearen ibilbidea aztertu zuen eta Ziortza Olanok, bere aldetik, etorkizuneko araudiaren ardatzak xehatu zituen. Argentinako euskal etxeetako ordezkariek iritziak trukatzeko baliatu zuten tartea, oraindik ere zirriborroa baizik ez den lege-testua aberasteko eta komunitatearen egungo errealitatera egokitzeko proposamenak helaraziz.
Lan dinamika honek segida izan zuen geroago Rio de la Plataren beste aldean ere. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza Montevideora joan baitzen, Montevideoko Centro Euskaro elkartean antzeko jardunaldia egiteko Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioarekin (FIVU) eta euskal etxe uruguaitarrak ere solaskide. Eskualdeko bi topaketa hauen artean, 29 euskal etxek hartu zuten parte aktiboki diaspora globalaren bide-orri legegile berriaren diseinua finkatzea helburu duen prozesuan.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


