Macachín, La Pampa. Macachingo Euzko Alkartasuna elkartearen historia jasotzen duen trilogiaren hirugarren eta azken liburua aurkeztuko dute herrian bertan bi aste barruko larunbatean, maiatzaren 16an. Argitalpen honekin balantze-ziklo bat itxi eta tresna baliotsua eskaintzen zaie belaunaldi berriei etorkizunera begira jartzeko. Euskal etxearen jatorria, familia sortzaileak eta kirol zein gizarte arloko jarduerak aztertu zituzten lehenengo bi liburukiek; orain, berriz, azken atala iritsi da
Mariana Funkner-ek eta Stella M. Cornelis-ek editatu dute azken ale hau, "Euskal ohiturak eta tradizioak sendotzeko ekintzak" azpititulupean. Iñaki Unamunok idatzitako sarrerarekin, 2025eko kultur eta kirol ekintzak biltzen ditu. Arreta berezia eskaini diote "Gure Ametza" (sic) dantza taldeari: haren erroak arakatu dituzte eta emanaldi bakoitzaren atzean dagoen artisau lan xehea nabarmendu, doinuen entseguetatik hasi eta jantzi tradizionalen lanketaraino.
Hirugarren liburuki honek bururatzen du trilogia, belaunaldi berriei tresna baliotsua eskaintzen diena etorkizunari begietara so jartzeko
Pampako Probintziak euskal dantza kultur ondare immateriala izendatu du. Antonela Veroli euskal macachindarra ondarea babesteko ekarpenagatik saritu dute
Aurkezpen-ekitaldia egitarau zabal baten barruan egingo da. Liburua ezagutzera emateaz gain, mus txapelketa, Elio Aguirrezabala sortzaileari omenaldia eta Sara Pagola Euskadiren Argentina eta Uruguairako ordezkariaren hitzaldia eskainiko dira. Horrez gain, Gure Ametza taldeko lehenengo Azpibatzordea omenduko dute eta, jakina, dantzak ez du batere hutsik egingo programan zehar.
Eskuratu nahi dutenek, jakin dezatela liburua maiatzaren 5etik aurrera egongo dela salgai, 30.000 pesotan. Macachingo Euskal Etxean bertan eros daiteke edo posta bidez eskatu, Liliana (54-2954-372557) edo Lucia (54-2954-609624) kideekin WhatsApp bidez harremanetan jarrita.
La Pampako ondare immaterialeko kultur ondasun
Liburua argitaratzearekin batetik, baina bestela ere euskal dantzak instituzio mailan garrantzi berria hartu du La Pampa probintzian. Joan den apirilaren 14an, Sergio Ziliotto gobernadorea buru zela Gobernu Etxean egindako ekitaldi batean, La Pampako ondare kultural immateriala zendatu zuten euskal dantza.
Ekitaldi horretan, dantza ikuskizun hutsetik haratago doan balio-sistema gisa aldarrikatu zuten, belaunaldiz belaunaldi transmititutako altxor gisa, alegia. Probintziako kulturako hainbat erreferente saritu zituzten; horien artean, Antonela Veroli macachindarra. Kultur ondarea babesteko eta zaintzeko egindako ekarpenagatik eman zioten Veroliri aitortza.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


