Macachín, Argentina. “65 Años. Asociación Unión Vasca. Nuestra Euskal Etxea desde sus inicios" (65 Urte. Euzko Alkartasuna Elkartea. Gure Euskal Etxea bere hastapenetatik) liburuaren aurkezpena, La Pampako euskal etxe enblematiko honen historia jasotzen duten liburuetako lehenak ezohiko ekitaldia izan zen bere motan. Elkarretaratzea zinez jendetsu bat testuinguru, omenaldi bero ugari baitaratu zituen, afari handi bat buru. Aspaldiko ametsa egia bihurtua ikusteak harrotasuna eta bozkarioa eragin zuen bertaratutakoen artean. Joan den apirilaren 26an, larunbata, laurehun lagunetik poliki gora izan ziren aurkezpenean eta topa egin zuten Euskal Etxearen edalontzia altxaturik haren iragana, oraina eta etorkizunaren alde.
Ekitaldia iluntzean hasi zen, 19:30etan, Euzko Alkartasuna Hotelaren aurreko plazan, omenaldia egin zitzaien José María Garmendia, Ignacio Garmendia eta Juan Carlos Cancina aizkolariei. Union Vascako dantzari taldeak eta Anchorena, ondoko herriko abesbatzak, kontzertua eskaini zuten, lagun zituztela Gustavo Farias tenorea, Mirtha Monteiro de Cunha kontraltoa, eta Claudia Etchepareborda, Sandra Ozan eta Andrea Ramos Savoretti sopranoak, euskarazko kantu tradizionalak jendaurretuz.
Bertaratutakoak Independencia Plazan; Agurra kiroldegian; Anchorenako Korua; eta José María Garmendia, Ignacio Garmendia eta Juan Carlos Cancina aizkolari omenduak
Macachingo Kontzeju Deliberatzaileak "65 Años. Asociación Unión Vasca" liburua kultur interesekotzat aitortu zuen. Aurkezteko antolatutako ekitaldira bildu ziren, besteak beste, Martin Collado Kontzejuko presidentea eta hainbat zinegotzi. Baita ere Celeste Rivas diputatu probintziala, Macachingo intendente Martin Mujica, Eusko Jaurlaritzako ordezkari Sara Pagola eta, FEVAko ordezkari, Pablo Pavesa. Era berean, ez zuten galdu Argentinan bizi diren EHko euskaldun ugarik. Han ziren, besteak beste, Bergarako Roman Agirrezabal, San Luisen bizi dena, Luis Maria Arriola, Mundakakoa, eta Jesus del Hierro Irigoyen, Erratzukoa, azken biak Mar del Platan bizi direnak, Imanol Laburu, Bilbokoa, Bonifazion bizi dena, Jesus Los Arcos Vidaurreta, Iruñekoa, Santa Rosan... EiTBko Argentinako korrespontsala den Eneko Zuberogoitia, Buenos Airesen bizi dena, eta beste herritar gehiago.
Iñaki Unamuno "65 Años. Asociación Unión Vasca" liburuaren aleak sinatzen
Liburuaren aurkezpena Euskal Etxearen gimnasioan egin zen, 450 lagun aurrean. Iñaki Unamunorekin batera mahaian, bazkide fundatzaileak eseri ziren, Francisco Juan Calvente, Hilda Zanetti de Chapartegui eta Susana Peña. Aurrez aurre, ohorezko agurra dantzatu zieten Delfina Raveccia, Santino Salinas eta Ane Zubizarreta gazteek. Osasun arrazoiak tarteko ezin izan zuten bertaratu Elio Aguirrezabala eta Nancy Peña fundatzaileak, baina eurak ere eta Euskal Etxearen bidea urratu zuten guztiak egon ziren han zeudenen gogoan. Txalo artean, fundazioaren eta Euzko Alkartasunaren historiaren kronika jasotzen duen liburuaren lehen alea sinatu zuten bertaratutako lau bazkide fundatzaileek.
Ondoren, Anchorena Abesbatzak bere kantu emanaldiaren bigarren partea oparitu zuen, eta afaria baino lehen, EEko bost emakume omendu zituzten, euren dedikazioa eta etengabeko lankidetza aitortzeko. Mirta Pérez de Mujica, Marigen Mujica, Arantxa Soraluze, Susana Peña eta María José Perez izan ziren omenduak. Horrez gain, asteburuan zehar Botxa Txapelketa, Pilota Txapelketa eta Mus Txapelketa jokatu ziren, musean 23 bikote lehian. Rubén Nuñez eta Elio Poey macachindarrak eraman zuten txapela, azken partida Fernando Mujica eta Matías Roman bikoteari irabazita.
Zorionak, Macachín!