euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroako Gobernuko goi mailako partaidetza Buenos Airesen, Nafar Etxearen 130 urteurreneko ospakizunetan

2025/11/17

Ezk. esk: D. Remondeguik oroigarria jaso zuen Ana Olloren partetik, D. Remondegui eta A. Ravassi liburuaren aurkezpenean, Nafar Etxeko trinketean dantzarien emanaldia, erakusketa historikoaren inaugurazioan.
Ezk. esk: D. Remondeguik oroigarria jaso zuen Ana Olloren partetik, D. Remondegui eta A. Ravassi liburuaren aurkezpenean, Nafar Etxeko trinketean dantzarien emanaldia, erakusketa historikoaren inaugurazioan.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Nafar Etxeak, Ameriketan dagoen nafar etxerik zaharrenak, bere 130 urteak ospatu ditu, ospatu ere Nafarroako Gobernuko ordezkaritza bat lagun, bigarren lehendakariorde, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Harremanak eta Euskara sailburu den Ana Ollo buru. Argentinako hiriburuan, Ollo lehendakariordeak bilera ugari izan ditu, sektore ezberdinetako entitateekin. Kanpoan bizi diren nafar jatorrikoekin harreman instituzional eta kulturalak sendotzeko helburupean, Argentinako Nafar Etxeetako agintariekin eta nafar diasporako kideekin elkarretaratu da Ollo buru duen ordezkaritza.

Azaroaren 7an, ostirala, Buenos Aireseko Nafarroako Etxean bildu ziren bertako presidente Daniel Remondegui-rekin, Rosarioko Nafar Etxeko presidente Oscar Croce, Mendozako Nafar Etxeko presidente Lucas Marengo eta Bolivarreko Nafar Etxeko presidente Mariana Sardon-ekin. Bileran jorratu zituzten gaien artean, 2026an Bolivar hirian bertako Nafar Etxekoei antolatzea dagokien hurrengo Nafar Etxeen Topaketaren martxa. Lehendakariordea bildu zen baita ere Buenos Airesen, nafar jatorriko bazkide kopuru esanguratsua baitaratzen duten FEVAko eta Laurak Bat Euskal Etxeko agintariekin.

Txile eta Argentina

Argentinarako bidean, eta Buenos Airesera egindako bisitaren aurretik, ordezkaritza Txileko nafar diasporako kideekin bildu zen Santiagon. Ana Ollorekin batera nafar bidaia ofizialeko parte ziren Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi Sergio Pérez García, Eskualde arteko Lankidetza eta Kanpo Herritartasunerako Zerbitzuko zuzendari Iñaki Xavier Martínez de Virgala Lusarreta; eta Lehendakariordetzako kabineteburu Jesús Iribarren Corera.

 
Nafarroako Gobernuko ordezkaritza Argentinako lau nafar etxeetako presidenteekin. Ezkerretik eskuinera, Iñaki Martinez de Virgala (Gobernuko Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria), Lucas Marengo (Mendozako Nafarroako Etxeko lehendakaria), Sergio Pérez (Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia), Ana Ollo lehendakariordea, Mariana Sardon (Bolivarko Nafar Etxeko presidentea), Oscar Croce (Rosarioko Nafar Etxeko presidentea) eta Daniel Remondegui (Buenos Airesko Nafarroako Etxeko lehendakaria).

Buenos Airesko Nafar Etxeak 130 urte

Urtean zehar aurretik egindako ekitaldiei, azaroan, urteurreneko hilabetean, kirol, kultura eta gizarte alorreko ekitaldi ugari batu zitzaizkion hiriburuko Nafarroako Etxearen 130. urteurrena ospatzeko programa bereziaren barruan. Hilaren 1ean, larunbata, Christian Armas adituak "Historia eta pilota" izenpeko hitzaldia eman zuen; azaroaren 5ean, asteazkena, Urteurreneko Pilota Txapelketa jokatu zen, eta ostiralean, hilaren 7an, areto nagusian, Amadeus Orkestra Sinfonikoak musika klasiko kontzertua eskaini zuen.

Larunbateko, azaroaren 8ko, agenda ere mamitsua izan zen. Nafar Etxeko lehendakari Daniel Remondeguik idatzi eta Alejandro Ravassik ilustratutako "El eco de los siglos en la voz de Navarra" liburuaren aurkezpenarekin hasi eta ondoren, Nafarroako antzinako jakinduriari buruzko solasaldi bat gauzatu zuten. Segidan, trinketean, musika eta dantza emanaldia etorri zen, eta, amaitzean, "Nafar Etxearen aztarna, memoria eta etorkizuna" erakusketa historikoa inauguratu zen, elkartearen ibilbidearen bidaia bisuala.

 
Agurra, Nafarroako Etxeko bazkide María del Mar Alderete Roquek emana, dantzari trebea izateareaz gain Etxepare Institutuko Euskara Munduan Programako euskara irakaslegaia berau
  
Urteurrenaren ospakizunean, euskal etxeetako ordezkariekin. Ezkerretik eskuinera, Iñaki Ederra (Unión Vasca, Bahía Blanca), Lucas Marengo (Nafar Etxea, Mendoza), Arantxa Goicoa (Laurak Bat, Buenos Aires), Arantxa Anitua (FEVA), Ana Ollo lehendakariordea, Daniel Remondegui (Buenos Aires NE), Beltran Maillot (Iparraldeko Euskal Etxea) eta Sergio Pérez (Nafarroako Gobernua)

Urteurrenaren topa egiteko ekitaldian, Ana Ollo lehendakariordeak, omenaldi instituzionalera bertaratu zirenei zuzendu zitzaien. 1895ean erakundea sortu zutenak eta geroztik izan dituen milaka kolaboratzaile bolondresak oroitu eta aitortu zituen, eta 130 urteotan "lekukoa, belaunaldiz belaunaldi auzolanean pasatu zutenak", "beren sustraiak denboraren tuneletik ekarri, eta gaurkotasun osoz elkarlanean gureganaino helarazi zutenak", euren konpromisoa nabarmenduz eta eskertuz.

Zorionak, Buenos Airesko Nafar Etxea!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia