Carmelo, Uruguai. Colonia departamentuko Carmeloko Euskal Etxeak aurtengo ekitaldi berezienetako bat ospatu zuen azaroaren 8an bere 30. urtemugaren karietara. Festa Elkartearen egoitzan egin zuten eta bazkide, lagun eta "arbasoen legatua bizirik mantentzen duen euskal jatorriko jende ugari" bildu zuen. “Ekitaldian euskal zapore tipikoak, musika eta dantzak partekatu genituen, eta garrantzitsuena, hiru hamarkada hauetan gidatu gaituen komunitate izpirituko hainbat oroitzapen”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Olga Asqueta Euskal Etxeko erreferenteak.
Zeremoniari hasiera emateko, hitzak zuzendu zizkieten bertaratutakoei Euskal Etxeko egungo lehendakari Álvaro Torresek, eta 1995ean EEa sortu zenean lehenengo batzordeko lehendakari izan zen Julian Ariztiak. “Eta gogoan hartu zituzten bai euskal etxea martxan jartzeko lehenengo ahalegin handia egin zutenak bai gaur egun euskal kultura babesten eta zabaltzen jarraitzeko konpromisopean ari direnak”, zehaztu digu Asquetak.

Ezkerrean Josu Lariz sukaldaria jardunean; eskuinean, zahato probako irudiak
Beste alde batetik ospakizun berezi honek merezi zuen mailako menua eskaini nahi izan zuten anfitrioiek eta karia horretara, Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeko jatetxeko arduraduna den Josu Lariz Iriondo sukaldaria gonbidatu zuten elkarretaratzeko plater nagusiaz arduratzera.
Hiru hamarkada hauetan bizi izandakoari omenaldi gisa, Uruguaiko gainerako euskal etxeek bidalitako agur bideoak proiektatu zituzten eta baita argazkiak eta bideoak ere, tartean Tandilgo aurtengo Euskal Aste Argentinarrean grabatutako irudiak, bertan partaide izan baitziren Ibai Ondoko Etxeko lagunak. “Urtebetetze festa ederra izan zen, emozioz, euskaltasunez eta harrotasunez beteriko gaua, gure euskal sustraiak inoiz baino biziago daudenaren seinale”, laburbildu dute Ibai Ondoko Etxea-tik.
- Ibai Ondoko Etxea Instagramen, ibaiondokoetxea_uy

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


