Montevideo, Uruguai. Joan den asteartean, uztailaren 22an abiatu zen Montevideon Immigrazioaren Olinpiaden hogeigarren edizioa, ‘truco’ txapelketa batekin hain zuzen. Inaugurazio zeremonia hiriko Gizatalde Heleniarraren egoitzan garatu zen eta txapelketako partidak bukatu eta gero, janari tipikoak partekatu zituzten bildutako lagun eta gizataldeek. Euskal Gizataldeak txistorra, esne frijitua eta Carmeloko Zubizarreta Upeltegiko ‘‘Viña de Aitona’ ardoak eskaini zizkien gainerako kolektibitateetako lagunei.
Honako kolektibitateak lehiatuko dira 2025eko edizioko norgehiagoketan: gizatalde alemana, armeniarra, boliviarra, brasildarra, italiarra, hungariarra, heleniarra, hegoaldeko eslaviarra, libanoarra, lituaniarra, errusiarra eta euskalduna. Kirolei dagokienez, mota askotako proposamenak batzen ditu Olinpiadak: ‘truco’a, kanasta, konga, boloak, botxak, billar eta ‘casin’a, boleibol mistoa, saskibaloia, futbol 5 (gizonezkoa, emakumezkoa, mistoa eta 40 urtetik gorakoa), ping-ponga, backgammona, tiroa, arrantza, padela, xakea eta oinezko martxa.
Rio de la Plata eskualdean tradizio luzea duen Truco Txapelketarekin hasi ziren Olinpiadak
Euskal harremanak Olinpiadekin hasieratik Haize Hegoa Euskal Etxea medio egin izan dira, eta bertatik ekimenak dituen balioak azpimarratzen dizkiote EuskalKultura.eus-i : “Ekimena aukera polita da herrialdeko kolektibitate ezberdinen artean harremanak sendotzeko eta adiskidetasuna, bizikidetza eta kulturen ezagutza sustatzeko”. Horregatik guztiagatik animatu nahi dituzte euskal gizataldean interesa izan dezaketen guztiak txapelketetan parte hartzera (harremanetarako zenbakia: 098 651 652).
Kiroletan arituko diren lagunez gain, euskal gizataldeak ordezkariak dauzka baita ere antolakuntza batzordean, tartean Hayde Torales, Hugo Cagnoli, Viviane Adduino eta Mariel Fernández, guztiak Haize Hegoako kideak. Fernández, gainera, Olinpiaden Batzordeko diruzain ere bada.
- Haize Hegoa Instagramen, haize_hegoa_uy