Montevideo, Uruguai. "El viaje de las palabras - Hitzen Bidaia" du izena Maria Noel Abella Aiscarrek uruguaitar euskaldunak bukatu berria duen kontakizun laburren liburuak. Testuak, irakasle montevideotarra euskal kulturan murgiltzen hasi zenean bizi izandako pasadizo eta istorioak biltzen ditu, batzuk egiazkoak, beste batzuk fikzionatuak eta guztiak umore, maitasun eta herriminetik sortuak.
Noel Abella Montevideoko Haize Hegoa erakundeko kide eta laguna da eta bertan hasi zen euskara ikasten duela hamar bat urte. Euskal elkarte honen eskutik, euskara irakasleak trebatzeko Euskara Munduan programan sartu zen 2020an, FIVUren ordezkari, eta gaur egun irakasle dabil Uruguaiko euskal etxeetan. “"El viaje de las palabras - Hitzen Bidaia" prozesu horren isla ere bada: hizkuntzen, paisaien eta memorien arteko nolabaiteko zubia”, esan dio liburuaz idazleak EuskalKultura.eus-i.
"Hitzen Bidaia - El viaje de las palabras" kontakizunaren zati bat, izen bereko liburuan
Montevideon abuztuaren 29an
Bere ibilbidearen lekuko izan den Haize Hegoa, oraingoan ere bere lehen liburu elebidunaren aurkezpenean lagun izatea nahi du Noelek eta horregatik bertan egin nahi izan du aurkezpen ekitaldia, abuztuaren 29an, iluntzeko 7:30etan. “Ekitaldi polita izango dela uste dut, literatura, Pablo Silveira Artagaveytia-ren zuzeneko musika eta bildutakoek elkarrekin topa egitea barne”, gonbidatzen dute Noelek eta Haize Hegoako lagunek.
Montevideon aurkeztu eta gero, beste euskal etxe batzuk ere bisitatuko ditu, tartean, Floridako Vasconia, Saltoko Euskaldunen Taldea, Carmeloko Ibai Ondoko Etxea eta San Joseko Euskaldunak Taldea. San Josen, gainera, hiriko Irakurketa eta Liburuak Sustatzeko Nazioarteko 18. Azokan parte hartzeko hautatu berri dute liburua.
Formatu digitalean, "El viaje de las palabras - Hitzen Bidaia" eskuragarri egongo da abuztuaren 29tik aurrera, euskara eta euskal kulturari buruz interesa duten euskal etxe, euskaltegi eta ikasle eta irakasleek, Euskal Herrian eta diasporan, nahieran erabili dezaten, adierazi digu egileak.