euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

José C. Pazek eta Oñatik elkartasuna ezaugarri izan duen 25 urteko senidetasuna ospatu dute, emozioz eta esker onez

2025/07/22

José C. Pazeko Senidetasunaren Plazan, 2005ean udal ordenantza batek sortutako berdegunea
José C. Pazeko Senidetasunaren Plazan, 2005ean udal ordenantza batek sortutako berdegunea

PUBLIZITATEA

José C. Paz, Argentina. Duela 25 urte, Buenos Aires probintziako José C. Paz herriak eta Oñati hiri gipuzkoarrak azken honetako Sancti Spiritus Unibertsitatean egindako ekitaldi batean ofizialdu egin zuten euren senidetzea. Joan den larunbatean, uztailaren 19an, José C. Pazeko komunitateak, ekitaldi haren urteurrena ospatu du, bi herriak lotzen dituzten elkartasun eta kultura lotura sakonak berretsiz jardunaldi hunkigarri batekin. Toki Eder Euskal Etxeko bazkide ugari partaide, bertan ziren jasotako laguntza solidarioa kudeatzean funtsezkoa izandako elkarteko bazkide fundatzaile eta zuzendari ohiak, baita eskualdeko erakunde kultural, sozial, komunitario eta hezkuntza arloko ordezkari ugari ere.

Elkartasuna izan 2000n José C. Paz eta Oñatiko herrien arteko senidetasunaren eragile. Protagonistetako bat, José Antonio Urteaga, liburu bat ari da idazten, 25 urte hauetako istorioa bilduz

Jarduerak goizean hasi ziren Senidetzearen Plazan, Oñatiko eta José C. Pazeko armarriak harro erakusten dituen gunean. Monumentuaren aurrean, Toki Ederreko dantza taldeko zuzendari Jennifer Cabezasek hasiera eman zion omenaldi ekitaldiari, agurra dantzatuz. Dantzari taldeak fandangoa eskaini zuen segidan. Ekitaldian Euskal Etxeko bazkide eta zuzendariek hartu zuten parte, baita José C. Pazeko Udaleko Kultura Idazkari Carlos Narvaez-ek ere. Euskal Etxeko ohorezko bazkide ere baden Narvaezek hitz batzuk eskaini zizkion senidetzearen jatorrizko sinadurari eta 2010eko berrespenari. Uztartzearen sinbolo diren bi banderak, Silvia Paco Romerok, Argentinakoa, eta Claudia Gastiazorok, ikurrina, eraman zituzten ohorez.

Hitzaldi eta testigantzak

 
Rosario Mondaca EEko Literatura Tailerreko kideak José C. Paz, Oñati eta Euskal Herriaren armarriei buruz hitz egin zuen

Arratsaldean, ospakizuna Toki Ederren egoitzara aldatu zen. Arratsaldeko bostetarako areto nagusira bilduak ziren bazkideak, laguntza jasotako zentroetako ordezkariak, udal-agintariak, senidetzea sinatu zuen ordezkaritza aitzindari hartako kideak, eta Hermansoloña Oñatiko GKEko ordezkariak. Haien lan nekaezina funtsezkoa izan da urte hauetan laguntza solidarioa kudeatzen eta gaur egun Hermansoloñako Jose Antonio Urteaga presidenteak esperientzia haren historia osoa jasoko duen liburua ari da idazten. Topaketan lekukotasun eta hitz zertzeladak bota zituzten zenbaitek. Esperientzia emankor honen 25 urteen errepasoa egin eta Oñatiko historia aberatsean sakondu zen. Rosario Mondaca eta Mirta Carta bazkideek Oñatiko, José C. Pazeko eta Euskal Herriko armarrien sinbologia izan zuten hizpide. Bestalde, Jose Altube Museoko Alberto Fernandezek Senidetzearen memoria egin zuen, José C. Paz Udalerriarentzat eta Oñatiko Udalarentzat duen esanahia eta garrantzia azpimarratuz.

Talde ahalegin bat

Toki Ederreko lehendakari Ezequiel Ugartemendiak, egun Euskal Herrian bizi den eta ekimen solidarioaren eragile izan zen Maria Ángeles Oñederrak bidalitako zorion-gutuna irakurri zuen, Oñati eta José C. Paz zuzenean lotuz. Carlos Narvaezek bi hamarkada eta erdi hauetan elkarrekin egindako lan eskerga nabarmendu zuen. María del Pilar Uribeondok, berriz, elkartasun-lana nabarmendu zuen, Jujuy-ko Abrapampan ur-errotak eraikitze-lanei emandako sostengua oroitaraziz. Ekitaldia, istorio honen parte zuzena izan zirenen esperientzia eta testigantzekin aberastu zen, eta Martín Castillo, Juan Alberto Etchanique, Ramona Insaurralde, Horacio Longo eta Mariana Fernández Castellik euren bizipenak partekatu zituzten. Claudia Gastiazorok eskerrak eman zizkien bertaratutakoei 25 urteko elkartasun lan nekaezinagatik. Jose Altube Artisauen Elkarteko lehendakariak oroigarri bat eman zion Toki Ederreko lehendakariari, oroitzapenez betetako egun bat zigilatuz. Ekitaldia amaitzeko ohorezko ardo bat eta askaria partekatu ziren, bildutakoen arteko adiskidetasun giroa berretsiz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia