Saladillo, Argentina. Argentinan euskal kulturari eusteko aliantza eta lankidetza berriak sortzearen aldeko apustuan sakonduz, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak afari bikain batekin ospatu zuen uztailaren 11an bere 27. urteurrena, 75 gonbidatu lagun. Gauak ez zuen soilik urte berri bateko bizitza instituzionala markatu, izan ere duela urtebete garatzen ari diren lankidetza-akordio berritzaile bat ere nabarmendu baitzuen: afari dotorea, berriro ere, Saladilloko 135 Prestakuntza Tekniko Goi Mailako Institutuko Gastronomia Zerbitzuetako Teknikaturako lehenengo urteko ikasleen ardurapean egon zen, Guadalupe Arocena irakaslea koordinatzaile. Chef gazteek prestatutako menuaz gozatu zuten bertaratutakoek. Hasteko, patata tortilla, odolki eta piperrada pintxoak, ondoren itsaski edo oilasko paella, eta amaitzeko, euskal postre goxoen dastaketa tentagarria: pantxineta, gazta eta euskal pastela. Mahaikideen aurpegiei begiratu besterik ez, konturatzeko kontent daudela oso, aliantza honen emaitzez.
Jai giroko gau hunkigarria izan zen. Euskal Etxeko dantza taldeak, Micaela Gaggio zuzendari, ikuskizun txalotua eskaini zuen, Zazpi Jauzi, Barañain, Txapeloaz eta Lantzeko Inauteriak dantza tradizionalak eskainiz. Euskal musikak ere girotu zuen ospakizuna, betiko eta San Fermin giroko kantekin. Bertaratutakoen artean, Itxaropen Euskal Etxeko lehendakari Oscar Marco, Saladilloko intendente José Luis Salomón, Kultura idazkari Silvina Iturria eta ISFT 135eko zuzendari Silvio Garbarino. Udalak, aitortza keinu gisa, argazki koadro bat eman zion Itxaropen-i, hiriko hainbat jardueratan partaide eta ekarle izanaren lekuko eta oroigarri.
Ikasleak Guadalupe Arocena eta Maria Arisnabarreta irakasleekin. Pintxo zaporetsuak eta menu elebiduna
Erronkak eta esker ona
Diskurtsoetan, elkarteek dituzten zailtasunei heldu zieten agintariek, bazkideen partaidetza eskasa tartean. Era berean, beren esker ona adierazi zieten inplikatzen diren lagunei, ekimenak aurrera eramateko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeak duen garrantzia nabarmendurik. Salomon intendenteak zorionak eman zizkion Euskal Etxeari komunitatearekin duen etengabeko konpromisoagatik. Gauak, halaber, oroitzarako tartea ere eskaini zuen eta duela gutxi zendu diren elkarteko hiru kide maitaturi omenaldia egin zitzaien Guillermina Saggion dantzariari eta Adrián Antoniano eta Ramón Estensoro muslariei. Haien memoria maitasunez omendu zen.
Zorionak, Itxaropen!