Carmelo, Uruguai. Uruguaiko Carmeloko Ibai Ondoko Etxea EEak bazkide eta lagun ugari bildu zituen joan den larunbatean, apirilaren 18an, Aberri Eguna ospatzeko eta Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrena gogoan izateko helburu hirukoitza izan zuen bere urtebetetze topaketan. Elkarretaratzean, beraz, jai giroa ez ezik, 1937ko apirilaren 26an Gernikari egindako erasoaren oroimenari lotutako une hunkigarriak ere nagusitu ziren, hitzordu gazi-gozoa, baina aurrerabideari zinez estekatua emanez.
Azpimarratzekoa da Carmeloko herriak bat egin zuela oroitzapen ekitaldiarekin, gerra garaiko kronikak eta euren ezagutzak aurkeztu zituzten Blanca Pol eta Jose Luis Gonzalez historia irakasleen eskutik. Beste alde batetik, Uruguain Espainiako kontsul den Juan Carlos Gafo ere bertan egon zen, Euskal Etxetik esan zutenez “bera hemen izatea ere memoria historikoaren eta orainaldiaren arteko loturak sendotzeko modu bat baita”.

Euskal Etxeko lehendakari ohiek eta laguntzaileek oraigarriak jaso zituzten urteurrenaren harira

Miguel Asquetari egokitu zitzaion Bonbardaketari buruzko gaia aipatu eta irakasleak aurkeztea

Euskal Herrian eta Diasporako beste hainbat euskal etxetan bezala musa tradizio da Carmelon
Topa egiteko momentuan, Euskal Etxeak bizi izan dituen 31 urte emankor hauek gogoratu zituzten bildutakoek, “konpromisoz, euskal izaeraz eta memoria kolektiboaz betetako ibilbide bat” izan direla, hausnartuz. “Hiru hamarkada hauetan tradizioen gordeleku eta euskal kultura indartzeko topaketagune bilakatu da gure erakundea, belaunaldiz belaunaldi transmititu ditugun baloreen babesleku”, laburbildu dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko erreferente Olga Asquetak.
Mus eskola
Bestalde, Carmeloko Euskal Etxeak eskaintzen duen ekintza programaren barruan, 2026 ikasturte berriko mus partida eta eskolak martxoan hasi dira. “Muslarien topaketetan alaitasuna eta elkartasuna dira protagonista nagusi… eta nola ez, ez da falta euskal plater ederren bat, afaltzeko momentuan”, dioskute Euskal Etxetik, gehituz Mus Eskola eta partidak aukera paregabeak izango direla esperientzia handiko muslariak eta hasi berriak diren ikasleak entrenatzerakoan. "Bereziki ikasturte berrian, mus hitzordu politenetako bat antolatuko baitu Uruguaik datorren urtean: 2027ko Mercomus txapelketa".
- Ibai Ondoko Etxea Instagramen, ibaiondokoetxea_uy

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


