euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Carmeloko Ibai Ondoko Etxea partaide Migrantearen Egunean eta Maria Noel Abellaren liburuaren aurkezpena

2025/12/18

2025eko Migrantearen Nazioarteko Egunean, Carmeloko Euskal Etxeko lagaunak
2025eko Migrantearen Nazioarteko Egunean, Carmeloko Euskal Etxeko lagaunak

PUBLIZITATEA

Carmelo, Uruguai. Euskaldunak partaide Carmeloko Migrantearen Egunean. Berez ospakizun ofiziala abenduaren 18an bada ere, Carmeloko Udalak abenduaren 6an ospatu du aurten bere udalerrian Migrantearen Nazioarteko Eguna eta euskal gizataldearekin batera, kolektibitate italiarra, alemaniarra, trentoarra, portugaldarra, espainiarra eta montenegroarra izan ziren partaide. Zeremonia ‘Plaza de las Naciones’ enparanzan izan zen eta protokolozko jarduera batekin hasi zen. Udal agintariak bertaratu ziren Plazara, Luis Pablo Parodi alkatea buru.

Ospakizunak Uruguai osoko portuetara iritsitako etorkinen figura hartu zuen ardatz; izan ere, etorkin horien porturatzea antzeztu zuen herriko aktore talde batek: nola ailegatu ziren, zer nolako dokumentazioa zeukaten, eta nola adierazten zuten nongoak ziren eta zein lanbide zuten. Horren ostean, karabana nautikoa osatu zuen bildutako jendeak Arroyo de las Vacas ibiaian, hainbat txalupalari, arraunlari, prefekturako barku, eta Argentinako bandera zuten itsasontziak lagun. Eguneko programari amaiera emateko bazkaria partekatu zuten guztiek Carmeloko Yatch klubean.


Bertako aktoreak etorkinen porturatzea antzezten Migrantearen Nazioarteko Eguneko ospakizunean


Maria Noel Abellaren 'El viaje de las palabras-Hitzen bidaia’ liburuaren aurkezpena Carmelon

‘El viaje de las palabras - Hitzen bidaia’

2025eko egutegiko azken txanpari ekinez, Ibai Ondo Etxeak María Noel Abellaren bisita jaso zuen azaroaren 29an. Euskara irakasle montevideotarrak 'El viaje de las palabras-Hitzen bidaia’ bere euskara-gaztelania liburu elebidun plazaratu berria aurkeztu zuen Carmeloko Euskal Etxean. “Gaualdi ederra izan zen, oso une hunkigarriak bizi izan genituen, Carmelo bertako eta bertara hurreratutako beste euskal etxe batzuetako lagunekin partekatua”, adierazi dio Ibai Ondoko Etxea-ko erreferente Olga Asquetak EuskalKultura.eus-i.

Gogora dezagun 'El viaje de las palabras-Hitzen bidaia’ kontakizun labur bilduma dela eta bertan, egun euskara irakasle den Maria Noel Abellak bere 'euskararekiko abentura' aitortzen duela, nola Uruguaitik ekin zion euskara ikasteari, belaunalditan atzera bere arbasoen hizkuntza izan zen hura bere egin arte, hizkuntzarekin batera euskal kulturan murgilduz eta prozesu horretan bizi izandako pasadizo eta istorioak modu atsegin, adierazgarri eta irakurterrazean kontatuz. Liburua formatu digitalean ere kaleratu du Noelek eta doan jaitsi edo irakur daiteke esteka honetan.

- Carmeloko Euskal Etxea sareetan, ibaiondokoetxea_uy



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia