Colonia, Uruguai. Carmeloko Ibai Ondoko Etxea EEa Euskal Herriaren ordezkari izan zen Montevideon aurtengo Expo Prado Azokan Colonia departamenduak muntatu zuen standean. Expo Prado, Uruguaiko nekazaritza eta merkataritza erakusta azokarik handiena da eta "Colonia, etorkinen lurra" izeneko standean, Hego Amerikara iritsi ziren hainbat immigranteren memoria omendu zuen euren ondarearen lekukotasuna ekartzearen bidez.
Carmeloko Ibai Ondoko Etxeak hartu zuen, hartu ere, euskal kulturaren agerle izatearen ardura. Eta ikurrin, euskal jantzi tipiko eta lan tresnekin batera, xisterak eta zesta punta modalitateko pilotak jarri zituen ikusgai. Azken objektu hauek hautatzea ez zen kasuakitatea izan; hain zuzen ere Azokaren baitan egin baitzen, hilabete geroago, 2026ko Munduko Pilota Txapelketaren hasierarekin batera, berreinaguratuko zen Colonia del Sacramentoko San Carlosko Frontoiaren aurkezpena. Gogora dezagun XX. Munduko Txapelketa Argentinan eta Uruguain jokatu zela, eta Coloniako frontoi historikoa bigarren egoitza izan zuela.
Aurreskua Expo Prado Azokan; dantzaria Haize Hegoako Alejandro Lopez
Aurkezpenean Zesta Punta modalitateko munduko txapeldun ohi eta Nazioarteko Pilota Federazioko presidenteordea den Baionako Eric Irastorzak hartu zuen parte; ekitaldian Harildo Banchero eta Mario Debenedetti Carmeloko pilotariak oroitu zituzten. “Banchero eta Debenedetti izen handiko kirolariak izan ziren, nazio eta nazioarteko pilota lekuetan” jakinarazi dute Ibai Ondoko Etxetik.
Munduko Txapelketa Colonian
Munduko Pilota Txapelketaren XX. edizioa urriaren 15etik 24ra egin da; Uruguaiko egoitza zesta punta modalitateko partiden egoitza izan zen, eta lehiaketa honetarako propio zaharberritu zuten San Carlosko Frontoia. Berrinaugurazioak eman zion hasiera Munduko Txapelketari, eta kirolariak eta zaleak ez ezik herriko eta herrialdeko agintariak bildu zituen, baita Eusko Jaurlaritzaren espedizio esanguratsu bat ere.

FIVU eta EEak eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak San Carlosko Frontoiaren Inaugurazioan (argazkia FIVU)
FIVU bera eta federazioak biltzen dituen euskal etxe batzuetako ordezkariekin batera bertan izan ziren, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Ibone Bengoetxea Otaolea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olano Astigarraga eta Jaurlaritzak Argentinan eta Uruguain duen ordezkaritzako iraunkorreko buru den Sara Pagola Aizpiri.
- Ibai Ondoko Etxea Instagramen, ibaiondokoetxea_uy

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



