Valladolid, Espainia. Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak bi eguneko programa garatu zuen urriaren 17an eta 18an, urtero sasoi honetan gauzatzen duen bere 'Euskal Jaia' ospatzeko. Ekintza batzuk elkartearen egoitzan egin ziren baina ohi bezala proposamen nagusiak kalean izan ziren, bertako herritarrek gertutik ezagut zitzaten euskal musika eta dantza tradizionalak. Programa egoki burutu ahal izateko, Gure Txokok goi mailako laguntzaileak gonbidatu zituen, eta Madrilgo Euskal Etxeko 'Gure Folklore' taldea ezinbesteko partaide izan zen Valladolideko EEaren 2026ko Euskal Festan.
Jaialdia larunbat arratsaldean hasi zen, Txokotik abiatu eta Plaza del Lava-ra joan zen kalejirarekin. Bertan, Valladolideko Arte Laborategiaren aurrean, txistuaren eta danbolinaren zuzeneko musikarekin dantzatu zuen talde madrildarrak. Igandeko egitaraua ere kalejira batekin hasi zen, kalerik kale, oraingoan hau Plaza Mayor-etik hasita. Musikak lagunduta, hiriko Katedralera joan zen taldea eta handik Angustias elizaraino, bertan izan baitzen meza kantatua, bertako Euskal Abesbatzaren eskutik. Meza bukatuta, Euskal Etxean bildu ziren 50 bat lagun senidetasun bazkariaz gozatzeko.
Madrilgo Euskal Etxeko Gure Folklore Taldea dantzari Valladolideko Plaza del Lava-n

Igande goizeko kalejira Valladolideko Plaza Nagusitik abiatu zen, euskal giro eta umorea lagun

Euskal Etxearen egoitzaraino heltzeko eta bertan 50 bat lagun bildu zituen bazkaria partekatzeko

Bazkariko senidetasun giro ederra bazkalostera pasatu zen, dantzak eta opariak lagun
Bazkarian eta bazkalostean, Euskal Etxeko abesbatzak eta Gure Foklore Taldeak animaturik, bildutakoek euskal kanta tradizionalak abestu eta programa kanpoko dantzak egin zituzten. Anfitrioek bazkaria prestatu ez ezik, opari bana ere banatu zuten gonbidatuen artean euren partaidetza eskertzeko. Madrildarrak ‘bihotza beteta’ bueltatu ziren etxera eta, bidea ikasita, datorren urtean edo ondokoren batean berriro ere parte hartzeko hitza eman zieten Valladolideko Euskal Etxeko lagunei.
- Valladolideko Gure Txoko Instagramen, guretxokovalladolid
- Gure Folklore Taldea Instagramen, gurefolklore_euskaletxeamadrid

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


