euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emozioa eta poza Madrilgo Euskal Etxeko Gure Folklorek Europara eginiko lehen irteeran, Prague Folklore Days 2026n

2026/07/24

Madrilgo Euskal Etxeko Gure Folklore Taldea luzitu egin da 2026ko 'Prague Folklore Days' Jaialdian (argazkiak 'Gure Folklore' taldea)
Madrilgo Euskal Etxeko Gure Folklore Taldea luzitu egin da 2026ko 'Prague Folklore Days' Jaialdian (argazkiak 'Gure Folklore' taldea)

PUBLIZITATEA

Praga, Txekiar Errepublika. Madrilgo Euskal Etxeko Gure Folklore taldeak Txekiar Errepublikako hiriburura bidaiatu zuen joan den asteburuan, Europa Erdialdeko folklore jaialdirik zaharrenetakoa den Prague Folklore Days-en 21. edizioan parte hartzeko. Euskal talde madrildarrak Estatutik kanpo egiten zuen aurreneko irteera honetarako 25 laguneko espedizioa osatu zen, dantzariak, pandero-jotzaileak eta txistulariak eta EEko Orfeoiko zenbait kantari barne. Euskal musika eta jaien indarra eta bizitasuna eraman zituzten Pragako hirigune historikoko agertokira.

Ekintzen egutegia ostiral goizean hasi zen Pragako Udaletxean, Jaialdian parte hartuko zuten ordezkaritzei egindako harrera ekitaldiarekin. Tomáš Slabihoudek hiriko Kultura Arduradunak ongietorria eman zien Austria, Estonia, Belgika, Alemania, Israel, Suitza, Hego Korea, Eslovakia, Lituania, Polonia, Herbehereak, Taiwan, Bulgaria, Espainia eta Txekiar Errepublikatik bertatik iritsitako artistei, diploma bana emanik. Euskal taldekoek, euren aldetik, Slabihoudek-i emateko propio brodatutako txapela bat oparitu zioten.


Harrera Udaletxean: Gure Folklore Taldeak txapela eman zion Tomáš Slabihoudek Kultura Arduradunari

Jaialdian zehar bitan igo ziren euskal artistak Ovocný Trh-eko oholtzara, ostiral iluntzean eta larunbat eguerdian. Bi emanaldietan eta programa ezberdinekin, publikoa eta gainerako folklore taldeak erabat liluratu omen zituzten, dantza, txistu, pandero eta euskal abestien errepertorioekin, eta transmititzen jakin zuten bizitasun eta alaitasunagatik: kutsakorra izan zen bertaratu zuten euskal festa proposamena.

Larunbat goizean, Pragako erdigune historikoan euskal kalejiraren irrintzi eta aireak jaurti zituzten dantzari eta musikariek, kaleak euskal soinuekin girotuz. Eta jendeari gustatu zitzaion. “Jaialdiaren antolatzaileek zein gainerako herrialdeetako parte hartzaileek euskal taldearen jarrera nabarmendu zuten". "Egiari zor, une ederrak partekatu genituen alboko taldeetako lagunekin. Harreman estua sortu genuen, esaterako, Austriako Die Oberlander z Frohnleiten Schuhplattler taldearekin, jaialdiaren mugak gainditu eta bidaiako oroitzapen onenak utzi dizkiguna”, aitortu dute partaidfeetako batzuk EuskalKultura.eus-ekin hizketan.


Pare bat irudi, musikariak euren tresnak prestatzen eta dantzak kaleko oholtza gainean

Ezusteko topaketa batzuk ere gertatu ziren jaialdiaren inguruan. “Etxepare Euskal Institutuak bertan Unibertsitatean daukan irakurletzako jendea Euskadin zegoen ikastaro batean, baina hala ere, atzerrian bizi diren euskaldunak, Espainiako leku batzutatik etorritako lagunak eta atzerrian bizi den euskal jatorriko jendea, euskal doinuek erakarrita hurbildu zitzaizkigun agurtzera”, azaldu dute Gure Folkloreek. “Pragan bisitan zebiltzan Euskal Herriko euskaldun batzuk ere hurreratu zitzaizkigun kalean ikusi gintuztenean. Zalantzarik ez dugu baieztatzeko euskaldunak eta euskal kultura maite duen jendea edozein lekutan topa daitekeela, hemen bezala etxetik 1.800 kilometrora bada ere”, esan dute hunkituta.

- 'Gure Folklore' taldea Instagramen, gure.folk_euskaletxea_madrid



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia