Buenos Aires, Argentina. Beñat Sarasola idazle, itzultzaile, editore eta unibertsitate irakasle donostiarra Buenos Airesen izango da bost astez, Malba Idazleen Egonaldian (REM) parte hartzeko. Buenos Airesko Arte Latinoamerikako Museoko (MALBA) Literatura Sailak bultzatutako ekimen honek lanerako eta sorkuntzarako gunea eskaintzen die mundu osoko egileei. Proiektuak Etxepare Euskal Institutuaren eta Ampersand argitaletxearen atxikimendua du, eta mugarria da egonaldian parte hartuko duen euskarazko lehen idazlea baita Sarasola. Hauek dira REMen aurtengo parte hartzeko hautatutako bost idazleak: Diego Zúñiga (Txile), Beñat Sarasola (Euskal Herria), Mayte Gómez Molina (Espainia), Riccardo Frolloni (Italia) eta Benoît Coquil (Frantzia).
Donostian jaioa (1984), ibilbide sendoa du Sarasolak euskal letren munduan. Filosofian zein Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan lizentziatua Bartzelonako Unibertsitatean, irakasle dabil gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Euskarazko sorkuntzan 'Kaxa huts bat' (2007) eta Alea (2009) poema liburuak nabarmentzen dira, baita Philip Rothen Nemesis eleberria euskarara ekarri izana ere. Narratibaren alorrean, 2019an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Deklaratzekorik ez (Susa), eta Coca-Cola bat zurekin du lanik berriena, dagoeneko gaztelaniara eta alemanera itzulia. Horrez gain, ezaguna da Munduko Poesia Kaierak bilduman egiten duen editore lana, baita ETB 1eko Sautrela saio enblematikoa aurkeztu izana ere.
Ez da nolanahikoa izan idazle gipuzkoarraren hautaketa. John M. Coetzee Literaturako Nobel saridunak, M. Soledad Costantini Malba Literaturako zuzendariak, Fabio Morábito idazle, poeta eta itzultzaileak, Christian Lund Danimarkako Louisiana Literature Festivaleko zuzendariak eta Valerie Miles idazle eta Granta gaztelaniaz aldizkariko zuzendariak osatutako ohorezko batzordeak aukeratu du Sarasola, 50 herrialdetako 600 hautagaitza ingururen artean aipatu beste lau idazleekin batera. Egonaldian, bere idazkera-proiektua garatzeaz gain, harreman estua izango du bertako irakurleekin museoak atondu duen ekitaldi-egitarauari esker, eta topaketak egingo ditu Argentinako euskal diasporarekin.
Ekitaldi publikoen egitaraua
Abuztuaren 5ean, asteazkena, hasiko da kultur munduarekin eta komunitatearekin izango duen harreman zuzena, hasi ere Malba Liburutegiko jendaurreko elkarrizketa batekin. Bertan, bere liburuez eta Buenos Airesera ekarri duen idazkera-proiektuaz arituko da (doako jarduera, aurrez izena emanda). Larunbatean, abuztuaren 8an, 19etan, Complejo Art Median (Corrientes 6271) poesia irakurketan parte hartuko du 2026ko Editoreen Azokaren (FED) Terraza FED gunean, Alejandro Crotto, María Malusardi, Tomás Fadel eta Milagros Pérez Moralesekin batera, Lucía Igol eta Pierre Froideveaux moderatzaile. Agendak abuztuaren 14an, ostiralean, 19etan jarraituko du, Laurak Bat Euskal Etxeko Liburutegian (Belgrano etorbidea 1144) egingo den jendaurreko solasaldi batekin. Azkenik, abuztuaren 27an, ostegunean, 19etan, egileak Ampersand argitaletxean (Ombú 3091) amaituko ditu aurkezpenak 'Lector en la Biblioteca' zikloaren barruan; bertan, Argentinako hiriburuan egunotan ondutako testu argitaragabe baten zatiak partekatuko ditu.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


