euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juan Sua (eta II): hego hemisferioko neguan eta iparreko uda arras itogarrian, euskal etxeek tradizioari eutsi zioten

2026/06/25

2026ko San Juan Sua Uruguaiko Florida herrian, Euskal Etxeak, Espainiar Etxeak eta ‘Los Patricios del 25’ Elkarteak antolaturik (argazkia floridanoticias.com.uy)
2026ko San Juan Sua Uruguaiko Florida herrian, Euskal Etxeak, Espainiar Etxeak eta ‘Los Patricios del 25’ Elkarteak antolaturik (argazkia floridanoticias.com.uy)

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Gizateriak naturarekin duen harremana bezain zaharra, solstizio aldaketarekin bat doan erritua erabat bizirik mantentzen da gaur egun Europako eta Amerikako hainbat herritan. Aro baten amaiera eta berri baten hasiera markatzen ditu San Juan gauak eta horrekin batera, gauza txarrak atzean uzteko eta berriei ateak irekitzeko aukera ematen du. Halaxe bizitzen dute Diasporako hainbat euskal etxek eta horrexegatik gonbidatzen dute urtero beraiekin batera San Juan Sua piztera. Duela hiru egun lehenengo artikulu bat plazaratu genuen San Juanei buruz Diasporan. Hona hemen bigarrena.

Gogora dezagun, dena den, Europa beroaldi handia eta muturreko tenperatura altuak ari dela jasaten egunotan. Karia horretara, San Juan hitzordua bertan behera uztea erabaki dute herri batzuetako elkarteek. Berlingo Euskal Etxeak, esate baterako, bertan behera utzi behar izan zuen gizatalde galego eta katalanarekin batera ekainaren 27an egingo behar zuen ekitaldia. Hitzordua oraindik ez da birprogramatu. Bremen-en, berriz, bai ospatu zuten, San Juan eguneko bezperan bertan; proposamena, familia osoarentzako arratsalde-pasa polit bat izan zen, herriko Unisee aintziran. Suaren inguruan, euskal musika zuzenean (txalaparta, alboka eta panderoa), piknika, umeentzako jolasak eta 'sorginkeria'ren bat.

Madrilgo Euskal Etxearen kasuan, agintarien sua pizteko debekuak gogoan, irudimenari eutsi eta ‘paperezko su’ baten inguruan ospatu zuten Euskal Etxeko kideek eta EEko ‘Gure Folklore’ taldeko artistek. Debod Tenpluko parkean bildu ziren eta ‘sua’ren gainetik jauzi egin zuten eta haren inguruan dantzatu. Iluntzean pintxo eta edariak konpartitu zituzten, elkarren arteko giro ederrez hornitutako proposamen batean.


San Juan Gaua Madrilen, paperezko sua eta euskal dantzak eta musika


Agurra Homedaleko 'San Juan Su & Festa' jaialdian

Idahoko Homedalen, Estatu Batuetan, bertako Txoko Ona Euskal Etxeak ‘San Juan Su & Festa’ jaialdia antolatu zuen zuzeneko euskal musika, dantzak, jolasak, janaria eta mus txapelketa barne. Ospakizuna ekainaren 20an izan zen Euskal Etxearen instalazioetan, Oinkari Euskal Dantzariak, Herribatza Dantzariak eta Txantxangorriak trikitixa eta txalaparta taldea partaide. Festaren une nagusietako bat, San Juan Zortzikoa, suaren inguruan. Boiseko Ikastolan paper batean margotutako su baten gainetik egin zuten jauzi haurrek urteko gaurik laburrena ospatzeko. Eta San Diegon, Kalifornia, gaur bertan egingo dute ospakizuna, iluntzean, bertako CTZN euskal taberna eta bistroan. Suaren inguruan, janaria, koktelak eta zuzeneko musika.


Txoko Ona Euskal Etxeko txikiak dantzan


Boiseko Ikastolako umeek salto egin zuten 'suaren' gainetik, batzuetan andereñoek lagundurik

Hegoalderago etorrita, neguko hotzari aurre egiteko ere balio du San Juan suak eta hori da hego hemisferioko euskal etxeek egiten dutena. Uruguaiko Vasconia Florida Euskal Etxeak herriko Espainiar Etxearekin eta ‘Los Patricios del 25’ elkartearekin batera ospatu zuen, aurten bigarren urtez jarraian. “Asmoa da antzinako erritua berreskuratzea eta antzinako euskal kultura eta ohiturak zabaltzea”, azaldu digu etxeko erreferente den Servando Echeverriak.

Montevideon, Haize Hegoa Euskal Etxeko dantzariek 4. Kirol Plazaren 75. urteurreneko San Juan festan dantzatu zuten. Horren ostean, Canelones Departamentuko Pinamar herriko Kultur Elkarteak eta Liburutegiak antolatutako jaia girotu zuten Euskal Etxeko neska-mutilek euskal dantzekin.


Floridako San Juan Festan Euskal Etxeko Alejandro Echevarriak azaltzen du jaiaren esanahia


Ezkerrean, euskal dantzak Pinamarreko San Juanen; eskuinean, umea  4. Kirol Plazan suaren gainetik

Baina emanaldi hauetaz gain, Haize Hegoako lagunek euren etxean ere ospatuko dute urteroko egitegian gorriz markatua duten festa hau. Datorren larunbatean izango da, ekainaren 27an, iluntzeko 8etan, Isabela kaleko egoitzan. Gaueko programa, musika, bertako Eusko Indarra dantzarien taldearen emanaldia, baratxuri zopa eta giro bikaina. Gonbidatuta zaude!



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia