Buenos Aires, Argentina. Hego hemisferioko neguko solstizioa eta San Juan gaua ospatzea ezinbesteko hitzordu bilakatu da Argentinako euskal komunitatearentzat. Data honen antzinako esanahia errespetatuz, euskal etxeek euren agendara egokitzen dute festa: ohiko sutea eta desio-erreketa egiten dituzte, eta horiekin batera dantza erakustaldiak, erromeriak, txokolate beroa hartu, plater tipikoak dastatu eta, kasu batzuetan, danborrada doinuak ere ez dira faltako. Antzeko gauzak geratatzen dira gure diasporako beste herrialde batzuetan. San Juan Suari buruzko bi artikuluko sortaño honetan, Argentinako ospakizunekin hasiko gara.
Aurten ohi baino lehenago hasi dira festak. Joan den larunbatean, ekainaren 13an, Pergaminoko Lagun Onak zentroak eman zion hasiera egutegiari; musika, dantzak, dilista beroak, eta etxeko txikiak lehenbiziko danborrada jotzen, izan ziren San Juan programaren osagaiak. Astebete geroago, hilaren 19an, ostiralean, Necocheako Euzko Etxeak hamaikatxo lagun bildu zituen egoitzaren aurreko plazatxoan. Bertan, sua piztu, paperak erre, eta txistorra zein dantza artean jarraitu zuten festa erromeria.
Pergamino Lagun Onak-eko neskek dantzan ospatu zuten San Juan Gaua

Cañuelasen, haur eta helduek euren papertxoak bota zituzten Denak Bat-en sutara eta inguruan dantzatu zuten
Larunbatean, ekainaren 20an, ekitaldiak ugaritu egin ziren. Batetik, Concordiako Ibaiko Izarra euskal etxeak pintxoak, dilistak eta, postrerako, goxua biltzen zituen afaria antolatu zuen. Bestetik, Cañuelasko Denak Baten aretoan, txokolate beroa dastatzearekin batera, sutara botatzeko desioen paperatxoak idatzi zituzten. Abesbatzak, bere kantuarekin, bertaratutakoak kalera ateratzera animatu zituen, kanpoko suaren inguruan abesti eta dantzekin jarraitzeko. Banderaren Egunaren omenez, txakarera pare bat ere dantzatu zituzten eta, indarrak berritzeko, platerkada bat dilista afaldu zuten. Herriko intereseko ekimen izendatutako proposamen honek harrera bikaina izan zuen. Bien bitartean, Patagonian, Baskos de la Confluencia elkarteak Cipollettiko Jardines del Sol auzoko su komunitarioan hartu zuen parte.
Jai-egitarauak datorren ostiralean, ekainaren 26an, izango du jarraipena Bahía Blancako Unión Vasca elkartean. Izan ere, dantzak, jolasak eta askari goxo bat partekatu behar ditzute, eta gauean, pintxo-potea. Baina larunbatean, ekainaren 27an, metatuko dira hitzordu gehienak. Comodoro Rivadavian, Euskal Etxea elkartea arratsaldeko bostetan batuko da Kultura Etxeko ospakizun ofizialera; bertan lekua partekatuko du Portugalgo, Asturiasko, Galiziako eta Andaluziako elkarteekin, gastronomia eta suaren erritualari lekua eginez. Bestalde, Aberri Etxeak bere egoitzaren aurrean piztuko du sua Viedma-Patagones eskualdean, eta dantza zein janari tipikoekin akelarre bat egiteko hitza eman dute. Tres Arroyosen, Hiru Errekak arratsaldeko zazpietan piztuko du sua Plaza Vascan (Txile eta Costa Rica kaleen artean). Azkenik, igandean, ekainaren 28an, arratsaldeko hiruretan, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak etxeko taldeak emango die amaiera ospakizunei Avellaneda eta Galviati kaleetan duten pilota-lekuan, txokolate beroarekin eta gutunen erreketa tradizionalarekin.
(jarraituko)

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


