euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pintxo Pintxo taberna zabaldu dute Parisen euskaldun batek eta bertako batek, asteazkena ipinita pintxo-poterako

2026/06/22

Pintxo Pintxo taberna berriko jabeak, Nimesko Adrien Meslier (Frantzia) eta Villabonako Urtzi Iñurrita (Gipuzkoa)
Pintxo Pintxo taberna berriko jabeak, Nimesko Adrien Meslier (Frantzia) eta Villabonako Urtzi Iñurrita (Gipuzkoa)

PUBLIZITATEA

Paris, Frantzia. Ziento erdi bat lagun bildu ziren joan den asteazkenean Pintxo Pintxo tabernaren inaugurazioan, Parisen. Euskal taberna berriaren irekierak pintxo pote itxura hartu zuen “Euskadin egiten den moduan”, dioskute proiektuaren arduradun diren Urtzi Iñurrita villabonatarrak (Gipuzkoa) eta Adrien Meslier Nimesko frantsesak. "Bertaratu zen publikoa anitza izan zen oso, auzoko bizilagunak etorri ziren baina baita Parisen bizi diren espainiarrak ere, eta lehenengo bezero euskaldunak". Izan ere, horixe nahi dute izatea taberna berriaren ezaugarrietako bat: barraren bi aldeetan euskara entzun ahal izatea.

Pintxo Pintxo-ren beste ezaugarri berezi bat menuak prestatzeko lehengaiak Euskal Herritik ekarriak izango direla da, nabarmentzen dute. "Findu egin behar dugu oraindik logistika, baina ahalegin handia ari gara egiten horretan”, azaltzen du Iñurritak. "Pariseko euskal topagune bat bilakatu nahi genuke. Hemen bizi diren euskaldunen aukera ugaldu nahi ditugu, pintxoetan espezializatutako taberna gisa eta geroari begira, esaterako, euskal musikariak ere ekarri nahi ditugu, aukerak eman eta lokala oraindik ere gehiago girotzeko”, adierazten du.

Euskal taberna berria 78 Rue Labat kalean dago, Parisko 18. barrutian (Montmartreko Sacré-Cœur basilikatik minutu gutxira). Asteartetik larunbatera dago zabalik, 12etatik 14etara eta 18etatik 24etara. Eta garrantzitsua, pintxo-pote eguna finkatu dute dagoeneko: asteazkenak. “Inaugurazioan gehien eskatu zizkiguten pintxoak klasikoenak izan ziren, gilda, tortilla eta kroketak; baina baditugu beste batzuk ere, gure txerri-karrilleren donutsa, esaterako… eta horiek ere dastatzera gonbidatu nahi dugu jendea. Laguntzeko, Euskal Herritik ekarritako ardoa edo txakolina, jakina!”.

- Pintxo Pintxo taberna Instagramen, pintxo_pintxo_paris



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia