euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txekiara abiatu dira Madrilgo Euskal Etxeko 'Gure Folklorea' eta Euskal Orfeoiko kideak 'Prague Folklore Days'en aritzera

2026/07/16

Madrilgo Euskal Etxeko 'Gure Folklore' taldea, hiriko Euskal Orfeoiko ahots batzuk lagun, euskal ordezkari izango da Pragako folk jaialdian
Madrilgo Euskal Etxeko 'Gure Folklore' taldea, hiriko Euskal Orfeoiko ahots batzuk lagun, euskal ordezkari izango da Pragako folk jaialdian

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. Gaur abiatu eta igandera arte egongo da euskal etxe madrildarreko Gure Folklorea taldea hiriburu txekiarrean, euskal ordezkari 2026ko Prague Folklore Days jaialdian. 25 pertsonako espedizioa ari da Pragara, euren artean txistulari, pandero-jotzaile eta dantzariak eta Euskal Orfeoiko kideak lagun, antolatzaileek joan den irailean luzatutako gonbidapen bati erantzunez. Ostiralean, uztailaren 17an, harrera-ekitaldi batean hartuko dute parte goizeko 10etan Pragako Udaletxean, eta arratsaldez, 19:25ean, lehen emanaldi bat eskainiko Ovocny Trh agertokian, hiri erdigunea, baita bigarren bat ere, biharamunean, larunbatean 12:15ean, errepertorioa aldatuz. Igandea, arratsaldean itzultzeko hegazkina hartu aurretik, hiria ikusteko baliatuko dute.

Madrilgo Euskal Etxeak 'betidanik' izan baditu ere txistulari, musikari eta dantzariak, iaz berrantolatu egin zuen bere alor hau, adar desberdinak Gure Folklorea izenpean koordinatuz, eta uztartuz baita ere EEko Euskal Orfeoiko ahots batzuekin, ikuskizun anbiziotsuago eta osatuagoak eskaintzeko asmoz. Pragara doazen 25en artean, 16 dantzariak dira, bi txistulari, pandero-jotzaile bat —berez gehiago, batzuk lanak bikoizten baitituzte— eta 6 kantari. Orain artean Valladoliden —Gure Txoko EEaren eskutik— eta Madril bertako San Isidro jaietan aritu izan dira Gure Folklore gisa, eta Pragakoa dute euren lehenengo irteera atzerrira, adierazi dio EuskalKultura.eus-i taldeko zuzendaritzako Marta Arbizuk.

Hona eskainiko duten errepertorioa:

Uztailaren 17a, ostirala

01.- Sarrera kalejira batekin (airea Ikusi Mendizaleak)
02.- Agurra kantatua
03.- Kalejira (Egun da Santimamiña)
04.- Zortzinango
05.- Kalejira (Betoño)
06.- Maitia nun zira (kantua)
07.- Kalejira (Erromerian)
08.- Zinta Dantza
09.- Fandango & Arin-arin (kantua Andre Madalen eta Neska Zaharrak)
10.- Kalejira (Elizondo)
11.- Katxarranka
12.- Kalejira (Ai Ximon, Ximon)
13.- Gorulari
14.- Kalejira (Baztan), agurtzea eta azken agurra

Uztailaren 18a, larunbata

01.- Agintariena
02.- Kalejira (Erromerian)
03.- Zortzinango
04.- Kalejira (Elizondo)
05.- Ezpata Txiki
06.- Txoria txori (kantua)
07.- Gasteizko Zortzikoa
08.- Fandango & Arin-arin (kantua Andre Madalen eta Neska Zaharrak)
09.- Kalejira (Erromerian)
10.- Ikurrin Dantza
11.- Kalejira (ikurrina desegiteko) agurtzea eta azken agurra

Aupa Gure Folklore!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia