Donostia-San Sebastián. Munduko hainbat unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurleek —euskal ikasketetako irakasleak— bat egin dute Donostian, Etxepare Euskal Institutuak antolatutako IX. Irakurleen Topaketaren harira. Orotara, Europako eta Ameriketako 14 herrialdetako unibertsitatetan diharduten 20 inguru irakasle izan dira Donostian, ikasturtean zehar garatutako esperientziak eta abian dituzten proiektuak partekatu, jardunbide egokiak trukatu eta nazioartean euskara eta euskal kultura irakasteak berekin dakartzan erronkei buruz hausnartzeko. Etxepare Euskal Institutuak antolatutako IX. Topaketan ez ezik, hiru eguneko prestakuntza-zikloan ere parte hartu dute joan den astean, uztailaren 8tik 10era.
Irakurleen topaketa, Donostiako Tabakaleran gauzatu da zikloaren azken egunean, uztailak 10. Bertan, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak egin die harrera, nazioarteko unibertsitateetan egin lana partekatze aldera. Halaber, eskura izan ditzaketen tresna eta baliabide digitalak ezagutarazi zaizkie Etxepare Euskal Institutuaren lantaldearen eskutik, eta norbere irakaskuntza-esperientziak partekatzeko eztabaida-saioetan hartu dute parte, Chicago, Edinburgo, Varsovia, Habana, Leipzig, Helsinki, Bologna, Paris, Frankfurt edota Poznan bezalako hirietako unibertsitateetan diharduten irakurleek.
Bikaintasuna Euskal Ikasketeta
Euskara eta euskal kultura irakasleek, dagoemeko hamaseigarren ediziora heldua den Bikaintasuna Euskal Ikasketetan uda-ikastaroa ere burutu dute, uztailaren 8an. EHUko UIK ikastaroen baitan, Etxepare Euskal Institutuak Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkartearekin elkarlanean ondutako jardunaldi honetan, egungo euskarazko musikagintzaren egoera xehe aztertu dute artistek, sustatzaileek eta eragileek. Besteak beste, Maren Berzosa, Jurgi Ekiza eta Jon Maia Soria musika-sortzaileak hartu ditu jardunaldiak, bai eta Arkaitz Villar Musika Bulegoko proiektu-arduraduna eta Amaia Ispizua Get In-eko sustatzailea ere. Izan ere, irakurleek hitzaldi eta mahai-inguru mamitsuez eta hausnarketa burutsuez gozatzeko aukera izan dute, euskarak musikan duen presentzia, euskaraz sortutako musika-aniztasuna, musikariek hartutako hizkuntza-hautuak eta nazioartekotzea hizpide hartuta.
Prestakuntza-zikloaren bigarren jardunaldia Oiartzungo Soinuenea herri-musikaren museoan iragan zuten irakurleek, uztailaren 9an, Etxepare Euskal Institutuko lantaldearekin batera. Bertan, Euskal Herriko herri-musikaren historian sakontzeko aukera eskaini zien Itziar Navarro musika-aditu eta museoko arduradunak, musikagintzaren hastapenak ez ezik, XIX. mendeko eta gaur egungo musika-sorkuntza eta hura baldintzatzen duten ingurumariak ere lehen lerrora ekarrita. Aurkezpenaren ondotik, museoan ikusgai diren musika-tresnei buruzko azalpenak eman zizkieten eta, bukatzeko, txalaparta ikastaro batean murgildu ziren irakurleak.
Sare estrategikoa ehunduz
2018az geroztik bederatzi Irakurle Topaketa burutu dira gaurdaino eta IX. edizioak amaiera eman dio unibertsitate-sarea sendotzea eta irakasleen etengabeko prestakuntza sustatzea xede duen hiru eguneko zikloari. Izan ere, Etxepare Euskal Institutuak mundu osoko 33 unibertsitatetan sustatzen ditu irakurletzak, nazioarteko 12 katedra eta hiru ikerketa-programa babesten dituen ber gisan. Askotariko unibertsitateekin egindako lankidetza-harreman horien bitartez, euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa sendotzen du, eta goi-mailako irakaskuntzan eta ikerketan txertatzen laguntzen.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



