Madril, Espainia. LGTBIQ+ Harrotasunaren Martxaren baitan eta “Denon artean harrotasuna, askatasuna, aniztasuna eta errespetua aldarrikatzen” lelopean ziento erdi bat jende bildu zen joan den larunbatean, uztailaren 4an, Madrilen, 'Txistu Pride' ekimenean, hiriko Euskal Etxeak eta bere Folklore Taldeak deiturik. Txistu eta panderoen erritmora, eta ikurrinak eta ortzadar abanikoak astinduz, EEko kide eta lagunak Euskal Etxearen egoitzatik abiatu ziren Montera kaleak eta Gran Viak bat egiten duten “Red de San Luis”eraino, bertan dagoen ‘Café de San Luis’ kafetegian lehenengo geldialdia egiteko.
“Ezaguna da oso taberna hau, bertan 1853an, Jose Maria Iparragirre handiak bere ‘Gernikako Arbola’ zortzikoa plazaratu eta abestu baitzuen lehenengo aldiz". Berehala bihurtuko zen kantu hau euskal ereserki, Euskal Herrian eta Diaspora osoan. "Kafetegi honek badu beraz garrantzi sinboliko berezia. Eta hori dela eta, bertan dagoen plaka oroigarriaren aurrean, gure adierazpena irakurri genuen”, jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i Madrilgo Euskal Etxeko Gure Folklore Taldeko kide den Martak:
Madrilgo 'Txistu Pride'; taldea euskal etxetik abiatu zen, euskal musika eta banderak aireratuz
Euskal musikak ez ezik, dantzek ere girotu zuten Errege Plaza, Chueca Plaza eta Pedro Zerolo Plaza ibili zituen ibilbidea, musika eta dantza aldetik fandango eta arin-arina, polka, banangoa, zortzinangoa, Gasteizko zortzikoa… jitzen zituztela, besteak beste. Doinu horien lagun, Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoiko abeslariek ere hartu zuten parte, euskal errepertoriko kantu tradizional ezagunak abestuz.
Balantzeak egiteko orduan, “Hau Madrilgo Euskal Etxeak antolatutako lehenengo 'Pride' jaialdia izan da; deialdi irekia plazaratu genuen eta, egiari zor, den-dena bikain atera da”, esan digu pozik Martak. Bestalde, “jai eta aldarri eguna izan zen; harro eta pozik egoteko arrazoiak ditugu eta datorren urtean errepikatuko dugu zalantzarik gabe”, iragarri dute euren aldetik ere Euskal Etxetik.
.png)
Txistuak, panderoak eta jairako propio egindako abaniko koloredunak
Hona San Luis Kafetegian irakurritako testu elebiduna, zati batzuk euskaraz, euren itzulpenarekin gaztelaniaz, eta alderantziz:
Hoy el sonido del txistu ha recorrido las calles de Chueca. Hoy pintamos Madrid con nuestros colores. Hoy celebramos que la tradición y la diversidad pueden caminar juntas (Gaur txistuaren soinua entzunarazi dugu Chuecako kaleetan. Gaur geure koloreekin margotu dugu Madril. Gaur tradizioa eta aniztasuna elkarrekin ibili daitezkeela ospatu dugu).
Gure tradizioak ez direlako museo bateko piezak; bizirik daude. Eta bizirik dagoen tradizio batek ateak zabaltzen ditu, ongietorria ematen du eta iristen den oro etxean bezala sentiarazten du (Porque nuestras tradiciones no son piezas de museo; están vivas. Y una tradición que está viva abre las puertas, da la bienvenida y hace sentir como en casa a quien quiera que llegue).
En Txistu Pride, de la mano de la música y la dantza, hay sitio para todos. Seas quien seas, ames a quien ames, vengas de donde vengas, aquí eres bienvenido, aquí eres bienvenida, aquí eres bienvenide. Gora aniztasuna! Gora Euskal Etxea! Gora Txistu Pride! (Txistu Pride-n, gure musikan eta dantzan, denontzako lekua dago. Zarena zarela, maite duzuna maite duzula, berdin da nondik zatozen, hemen ongietorria zara)
- Madrilgo Euskal Etxea Instagramen, euskaletxea_madrid
- Gure Folklore Taldea Instagramen, gure_folk_euskaletxea_madrid

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


