euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villa María helburu, FEVA prestaketa-jardunaldiek 20 EEtako 50 dantzari eta zuzendaritik gora bildu dituzte Cañuelasen

2026/07/08

Cañuelasen egindako dantza-tailerrean eta zuzendarien topaketan 20 euskal etxetako 56 dantzarik partaide. Sara Urbietak, Maite Pachecok, Manu Irastorzak eta Josetxu Astolfik koordinatu zuten tailerra; azken biek, gainera, zuzendarien bilera gidatu zuten
Cañuelasen egindako dantza-tailerrean eta zuzendarien topaketan 20 euskal etxetako 56 dantzarik partaide. Sara Urbietak, Maite Pachecok, Manu Irastorzak eta Josetxu Astolfik koordinatu zuten tailerra; azken biek, gainera, zuzendarien bilera gidatu zuten

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Joan den asteburuan arrakasta handiz egin da Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxean Argentinako Euskal Etxeetako Dantzari eta Zuzendarien Tailerra eta Topaketa. FEVAk antolatutako ekimen honek herrialde osoko ordezkariak bildu ditu, hala nola Saladillo, Tandil, Mar del Plata, Villa María, General Rodríguez, Necochea, San Nicolás, Buenos Aires, Arrecifes, José C. Paz, Maipú, Azul, Pergamino, Macachín, Olavarría, Chacabuco, Bahía Blanca, Tres Arroyos, Viedma eta Cañuelas bertako kideak. Euskal etxe bakoitzetik zuzendari bat eta bi bat dantzari elkartu dira, guztira 56 lagun. Elkarrekin, datorren urriaren 5etik 11ra Villa Marían (Córdoba) ospatuko den Euskal Aste Nazionaleko jaialdirako errepertorioa zehaztea eta fintzea izan dute helburu nagusi.

Dantza Tailerra Manu Irastorza eta Josetxu Astolfiren gidaritzapean garatu da, 2024ko Gaztemundu programako partaide izandako Sara Urbieta eta Maite Pachecorekin batera. Larunbatean, oinarrizko urratsak, alderdi teknikoak, eskualde bakoitzeko berezitasunak, koreografiak eta dantza bakoitzaren testuinguru historikoa landu dituzte; igande goizean, berriz, ikasitakoa sakondu eta errepasatzeari ekin diote. Horrez gain, Irastorzak eta Astolfik Dantza Taldeetako Zuzendarien 3. Topaketa zuzendu dute. Gune honetan, egungo taldeen egoera aztertu eta epe luzerako ekintza-lerro eta estrategia bateratuak finkatu dituzte.

Helburu lortua

Antolatzaileen izenean, Josetxu Astolfi oso gustura agertu zaigu jardunaldiarekin, parte-hartze zabala, jarritako helburuak bete izana eta euskal etxeen arteko harremana azpimarratuz, FEVAren prestakuntza-programa honek indarra hartu duela adieraziz. Bide batez, eskerrak eman dizkio Denak Bat Euskal Etxeari emandako harrera bikainagatik, batzordearen eta laguntzaileen prestutasunagatik eta asteburu osoko sukaldaritza zainduagatik, horrek guztiak topaketaren arrakasta ahalbidetu baitu. Bestalde, María José Oyharzabal Cañuelasko EEko lehendakaria pozik eta eskertuta agertu da bizitako esperientziarekin, bildutako lagun kopuru altuagatik, adin eta jatorri aniztasunagatik eta sortutako giro bikainagatik. Era berean, bertako lantaldearen konpromisoa goraipatu du, elkartearen izenari ohore eginez ("Denak Bat"), guztiek batera eta gogotsu lan egin baitute topaketa ondo atera zedin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia