Tandil, Argentina. Tandilgo Gure Etxe Euskal Etxeak Hizkuntzen eta Kultur Nortasunaren Topaketaren bigarren edizioan hartu du parte. Izan ere, kulturarteko ekitaldi horrek hizkuntzen, jatorrizko herrien erroen eta immigranteen komunitateen balioa nabarmendu zuen. Kolektibitateen Batasunak eta UNICENeko (Universidad Nacional del Centro de la Provincia de Buenos Aires) Hizkuntza Sailak antolatua, jardunaldia Unibertsitateko Kultur Etxean egin zen joan den larunbatean, uztailaren 4an. Goizetik gauera luzatu zen saioak egitarau zabala eskaini zuen: hitzaldiak, tailerrak, ikuskizunak, musika eta dantza, umeentzako jolasguneak, erakusketak eta janari-eskaintza anitza.
Proposamenek jatorrizko zein etorkinen hizkuntzak bildu zituzten, Argentinako Zeinu Hizkuntza eta Braille sistema ahaztu gabe. Lehen solairuko auditorioko irekiera ekitaldian, kultura bakoitzeko ordezkariek bere hizkuntzan agurtu zituzten agintariak eta ikusleak. Testuinguru horretan, Gure Etxea-ko Beatriz Poumé irakasleak ikurrina eraman zuen agertokira, hitz batzuk euskaraz egin zituen eta gonbidapena eskertu zuen Tandilgo euskal komunitatearen izenean.
Tailerra haurrentzat eta hitzaldi-tailerra helduentzat
Topaketa osoan zehar, Gure Etxea-ko ordezkaritzak stand instituzional bat izan zuen zabalik, Euskal Herriko liburu, argitalpen eta ikurrak ikusgai. Horrez gain, hizkuntza eta kultura zabaltzeko bi une antolatu zituzten. Lehena, arratsaldeko 4etan: 6 eta 12 urte arteko umeei zuzendutako jolas eta plastika tailerra. Euskara Munduan irakasleak trebatzeko programako kide diren Mariana Juezek eta Santiago Benavidezek zuzendu zuten saioa. Jolasean arituz, parte-hartzaile txikiek baita euren familiek ere agurrak, koloreak eta oinarrizko zenbakiak landu zituzten. “Esperientzia ederra izan zen, laburra baina oso emankorra. Bertan ziren ume guztiek parte hartzeaz gain, gurasoak ere jolastera animatu ziren eta denbora zinez probestu genuen”, adierazi dio Juezek EuskalKultura.eus-i.
Arratsaldeko 7etan, berriz, helduentzako txanda iritsi zen C aretoan, Beatriz Poumé eta Inés Olazábal irakasleek gidatutako hitzaldi-tailerrarekin, Julieta Etcheverry eta Carolina Barandiarán ikasleak lagun. Gune horretan hainbat ikuspuntutatik heldu zioten euskarari, besteak beste, familia-historiaren eta hizkuntza ikastearen arteko lotura eta euskararen gramatikaren ezaugarriak, ingelesa edo frantsesarekin alderatuta. Era berean, Argentinako euskara ikasle baten testigantza ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, gelako erronka pedagogikoak eta suertatzen diren konponbideak aztertu ziren, eta herrialdean euskararen irakaskuntzak dituen egungo perspektibak jorratu zituzten. “Euskal kulturarekin lotutako jendea hurbildu zen, jakina, baina baita beste kultura batzuen berri izatera etorritako pertsonak ere; esaten genuenak euren interesa piztu zitzaien eta gu entzuten geratu ziren”, azaldu digu Poumék.. Horrez gain, Olavarría eta Quilmes-ko eta Tandil bertako unibertsitate-komunitateko kideak ere ikusleen artean zeudela azpimarratu du..

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


