euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aste gutxiren buruan Valladolideko Gure Txokok 42 urte bete, Zuzendaritza berritu, Korrika ospatu eta bat egin du Realarekin

2026/04/22

Valladolideko euskara zaleek ere ospatu zuten 24. Korrika
Valladolideko euskara zaleek ere ospatu zuten 24. Korrika

PUBLIZITATEA

Valladolid, Espainia. Diasporako beste euskal etxe askotan bezala, poztasun oihuak eta besarkadak nagusitu ziren joan den larunbat apirilaren 18an Valladolideko Gure Txoko-ko egoitzan, Pablo Marinek penaltia bota eta Real Sociedad-ek 2026ko Erregearen Kopa bereganatu zuenean. Bozkarioa eta alaitasuna lehertu eta bertaratutako zale eta jarraitzaileak gainditu zituzten, bat eginez munduko beste hamaika puntutan, Euskal Herrian, baina baita Diaspora osoan ere, eguna egun handitzat bizi izan zuten andanaka jendeekin bat eginez. Gogora dezagun, duela hilabete Valladolideko Euskal Etxeak erabat berritu zuela bere Zuzendaritza Batzordea eta presidente berria hautatu zuela, ospatuz gainera elkartearen 42. urtebetetzea martxo lanpetu batean, euskaldunen ikurra goian atxikitzeko apustuari eutsiz Valladoliden. Datorren larunbatean Euskal Etxeak bere hitzordu klasikoetako baterako deia luzatu du, San Prudentzio arabar festa ospatuko baitu bere egoitzan.

EEaren urteurreneko jaiak berrogeita hamar bat lagun bildu eta Euskal Etxea sagardotegi bihurtu zuen egun batez. Anfitrioiek sagardotegiko menua prestatu zuten, esan nahi baita txorizoa sagardo erara, bakailao tortilla, ondoren txuletoia, eta postrerako, gazta, menbrillo eta intxaurrekin. Eta sagardotegi giroa osoa izateko sagardoa ere ez zen batere falta izan. "Bazkaria, gainera, aukera ederra izan zen hautatu berria zen eta Iker Aramayo buru duen Batzorde berriak dakarren belaunaldi aldaketa erakusteko", aitortu dio EuskalKultura.eus-i talde berriko erreferente den Joaquin Oncaladak. "Gure helburuak ez dira gure arbasoendandik ikasitako balioetara bueltatzea baizik, euskal etxearen muina 'euskal kulturaren tokia izatea' baita, ez klub edo jatetxe soil bat...", adierazi du Oncaladak.


Realak irabaki zuen Futboleko Espainiako Errege Koparen Finala EiTBz segitzen Gure Txokon


Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzorde berria

Urteurren jaia ez da izan, hala ere, Euskal Etxeak martxoan antolatu zuen ekitaldi bakarra. Izan ere, AEK-en proposamenarekin bat egiteko eta munduko beste hainbat euskal etxetan egin den bezala, Korrika sinbolikoa antolatu zuten Valladolideko lagunek, euskararekiko euren engaiamendua adierazteko. Gure Txoko-ren Korrika martxoaren 22an egin zen eta pintxo eta txistorren artean, euskararen irakaskuntza eta erabilera aldarrikatu zuten.

Martxoko ekintzekin bukatzeko, hiriko ‘El Salvador’ klubeko emakumezkoen errugbi taldeko jokalariak errezebitu zituen Euskal Etxeak. Bisitan, ‘Colina Clinic’ babeslearen izenarekin ezaguna den taldeko neskek hitzaldia eskaini zuten eta opari batzuk jaso. “Une ederra izan zen, oso hunkigarria; haiek pasadizo politak kontatu zituzten eta Euskal Etxeko kideek ere animatu ziren euren istorio batzuk partekatzera”, jakinarazi dute Euskal Etxetik. Topaketa bukatu baino lehen, ‘Agur Jaunak’ kantatu zuten EEkoek, klubeko jokalari baten ahizpa omenean.


Sagardotegiko menu eta giroa Gure Txokoko 42. urteurren bazkarian. Zutik, Iker Aramayo lehendakari berria


‘El Salvador’ klubeko emakumezkoen errugbi taldea bere bisitan Gure Txokora

Batzorde berria eta San Prudentzio

Valladolideko Gure Txoko-ko bazkideek martxoaren 18an hautatu zuten euren Zuzendaritza. Gogoratu Iker Aramayo lehendakari berria valladolidtar-ondarroarra dela, Joseba Aramayo euskal-argentinarraren semea. Hona Batzorde berrituaren kideak:

- Lehendakari: Iker Aramayo Eizaguirre
- Lehendakariorde: Idoia Díaz de Cerio Vicente
- Idazkari: Víctor Latorre Rodríguez.
- Diruzain: Joaquín Oncalada Moro
- Batzordekide: Íñigo González Rodríguez
- Batzordekide: Juncal García Leiton
- Batzordekide: José Luis García Peña

Gogoratu dezagun azkenik, datorren larunbatean, apirilaren 25ean, San Prudentzio Eguneko bazkaria egingo duela Gure Txokok. Menua, perretxiko nahaskia, patatak errioxar erara eta postrea. Afaldu bitartean Gasteizko irudiak zuzenenan ikusiko dituzte EiTBz bertaratzen diren lagunek.

- Valladolideko Gure Txoko Instagramen, guretxokovalladolid



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia