euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EH Bilduk loturak sendotu ditu ordezkari politikoekin eta euskal diasporarekin Argentina eta Uruguaira egindako biran

2026/04/21

G. Elejabarrieta eta S. Jacinto Montevideon, Yamandú Orsi presidentearekin. Pepe Mujicaren alargun eta presidenteorde ohi Lucía Topolanskyrekin. Buenos Airesko Laurak Baten, diasporako kideekin. A. Kicillof Buenos Aires probintziako gobernadorearekin
G. Elejabarrieta eta S. Jacinto Montevideon, Yamandú Orsi presidentearekin. Pepe Mujicaren alargun eta presidenteorde ohi Lucía Topolanskyrekin. Buenos Airesko Laurak Baten, diasporako kideekin. A. Kicillof Buenos Aires probintziako gobernadorearekin

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. EH Bilduko delegazio batek Hego Konotik bira bat egin du joan den martxoan, Gorka Elejabarrieta senatari eta Politika Harremanetarako idazkaria eta Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria buru zirela. Argentinan eta Uruguain egindako egonaldian, ordezkari abertzaleek elkarrizketak izan dituzte eragile politikoekin, giza eskubideen aldeko taldeekin eta euskal diasporako kideekin bilduz. Ibilbidea Buenos Aires hirian hasi zuten.

Hiriburu argentinarrean, delegazioko kideek martxoaren 24ko mobilizazio historikoan parte hartu zuten, 1976ko estatu-kolpe zibiko-militarrak mende erdia bete duen honetan. Egonaldia baliatuz, memoriaren eta giza eskubideen defentsan diharduten eragileekin elkartu ziren, baita Argentinako eremu politiko eta herri-mugimenduetako ordezkariekin ere. Euskal diasporako taldeekin ere harremanetan batu ziren eta euskal etxeen artean zaharrena den Laurak Bat bisitatu zuten, elkarteko ordezkariek egin zietelarik harrera.

Uruguaiko presidentearekin

Martxoaren 25ean, Elejabarrietak eta Jacintok Rio de la Plata zeharkatu zuten. Montevideon, Yamandú Orsi Uruguaiko presidenteak, Alejandro Sánchez Presidentetza idazkariak eta beste buruzagi uruguaitar batzuek errezibitu zituzten. Gobernuan den eta euskal ezkerrarentzat erreferentzia den Frente Amplioaren 55. urteurreneko ospakizunetan hartu zuten parte. Gainera, Lucía Topolansky buruzagi uruguaitar historikoa bisitatu zuten haren Montevideoko etxaldean.

Aldi berean, ordezkaritzak Red Futuro ekimenaren laugarren edizioan hartu zuen parte. Nazio Batuen Erakundeak Uruguain duen egoitzan, “Café de Paz” foroaren barruan, Gorka Elejabarrietak gatazken konponbideari buruzko hitzaldia eman zuen, euskal esperientzia ardatz. Bidaia amaitu baino lehen, ordezkariek Uruguaiko euskal diasporako kideekin elkartzeko aukera izan zuten.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia