Rosario, Argentina. Azaroaren 8tik 17ra ari da ospatzen Rosarioko Banderaren Parke Nazionalean, Argentina osoan bereziki famatua den hiri santafetar honetako Gizataldeen Topaketa eta Jai Nazionala, bere 41. edizioan, 40 kolektibitatetik gora partaide. Ohi bezala, osagai dauzka hainbat herrialdetako plater eta edari tipikoen eskaintza anitza, ikuskizun ederrak eta dantza tradizional erakustaldiak. Aurtengoa, gainera, hiriaren 300. urteurrena ari da ospatzen, inoiz baino ozenago agerian eta harro utziz hirira iritsi eta bertako nortasuna osatu eta garatzen lagundu zuten etorkinen ekarpena. Jaialdiaren lehenengo ediziotik bezala, Euskal Herriari dagokionez, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak eta Nafarroako Etxeak ordezkatzen dute.
Nafarroa: dantzak, fanfarrea eta kultura diplomazia

María Croce eta Carolina Patricia Oña, Nafar Etxeko hautagaiak
Nafar Etxeko standa Rosarioko Gizataldeen Topaketa eta Jai Nazionalaren 41. edizioan
Rosarioko Nafarroako Etxeak bere proposamen gastronomiko eta kulturala zabaltzen du, aurten azokako 27. zenbakiko standean. Aurkezpen artistikoak ere eskaintzen ditu: Etxeko Fanfarrearen musika eta, agertoki nagusian, bere dantzria talde guztien (txiki, ertain eta handi) dantzak ari dira alaitzen jaia. Elkarte nafarrak, bestalde, María Croce eta Carolina Patricia Oña aurkeztu ditu hautagai Gizatalden Enbaxadorerako, biak ala biak dantzariak, elkarteko kide aktiboak eta Nafarroako Gobernuaren Udako Eskolan partaide izandakoak.
Zazpirak Bat, "tradizioa eta modernitatea"
Zazpirak Bat-ek Gizataldeen Jai Handian ipinitako stand kultural eta gastronomikoaren sarrera
Zetak Taldea, Rosarioko Banderaren Parke Nazionalean eskainitako emanaldian
Zazpirak Bat Euskal Etxeak ere bere proposamen kultural eta gastronomikoekin dator megahitzordura. 27. zenbakiko standera hurbilduz, Trainera Jatetxeko (Itziar Aguirre) platerak eta kutixiak, eta Txapela Sagardoa aurki daitezke, esaterako. Arlo artistikoan, aurtengoan aurkezpen bikoitz batekin hartu dute parte. Batetik, tradizionala, EEko Gaztedi Zutik eta Gure Haziak dantzari taldeen emanaldiekin. Bestetik, "modernoa", Jaiko agertoki nagusian Zetak taldeak joan den larunbatean, azaroaren 8an, eskaini zuen kontzertuarekin.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


