Berlin, Alemania. Euskarazko ikus-entzunezkoek "betidanik" izan dute leku kutuna Berlingo Euskal Etxean. Denborarekin presentzia hori indartzen joan da eta 2012an euskarazko zinema festibala hasi zen antolatzen Berlingo Gernika Euskal Etxea, Etxepare Institutua eta Eusko Jaurlaritza lankide. ‘Euskal Zinemaldia’ edo ‘Baskisches Filmfestival’ azaroaren bigarren hamabostaldian egin ohi da, eta aurtengo programa ostiral honetan jarriko da abian. Hiru egun, hiru film eta hiru euskal zuzendari bertan, solasean publikoarekin.
Lehenengo proiekzioa ostiralean, azaroaren 14an, izango da eta hautatutako filma, Oier Plaza Gartzia gernikarraren Popel ('errautsak' txekieraz). Unai Egiaren ikerketa batean oinarrituta, 1937ko Gernikatik abiatu eta 2025ean Pragan amaituz, Bigarren Mundu Gerran desagertutako Anjel Lekuona deportatuaren arrastoari jarraitzen dio eta, azkenean, aparteko istorio bat azaleratuko du: František Such eta bere semearena. Filma aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinatu da.
'Popel' filmaren trailerra, Asier Urbieta Gartzia zuzendari (2025)
Festibaleko bigarren emanaldia azaroaren 15ean izango da, larunbata, eta pantailaratuko den filma Faisaien irla. Jone Laspiur, Sambou Diaby, Itziar Ituño eta Jon Olivares protagonista nagusi, Asier Urbieta Gartziaren film luze honek ikusgarritasuna ematen dio Espainia eta Frantziaren arteko muga den Bidasoa ibaian gertatzen den gertakari bati.
'Faisaien Irla'ren trailerra, Asier Urbieta Gartzia zuzendari (2025)
2025eko Berlingo Euskal Zinemaldiaren azken saioa azaroaren 16an izango da, igandea, eta filma Oriotik dator. Ibon Gaztañazpiren Errio dokumentalak Oria itsasadarraren eta bokalearen inguruan sortutako hainbat elezahar jorratzen ditu: Altxerri kobazuloa, balearen harrapaketa, Europa osoan ezagunak ziren ontziolak, landa bizitza… Ibon Gaztañazpiren zuzendaritzapean Nagore Urdapilleta arraunlariaren eskutik hainbat historia pantailaratzen dira.
'Errio'ren trailerra Ibon Gaztañazpi zuzendari (2024)
Saio guztiak Berlingo Kino Moviemento zinema aretoan izango dira, iluntzeko 8etan.
- Berlingo Euskal Etxea Instagramen, gernikaberlin

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


