euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azken egunak izena emateko FEVAk abuztuaren 2-3an Olavarrian egingo duen Dantzari Tailerrean, ez geratu kanpo!

2025/07/15

Argentinako euskal etxeetako dantzariak Euskal Aste Nazionalean luzitzen dira urtero. Iaz, dantzak Bahia Blancako Rivadavia plazan
Argentinako euskal etxeetako dantzariak Euskal Aste Nazionalean luzitzen dira urtero. Iaz, dantzak Bahia Blancako Rivadavia plazan

PUBLIZITATEA

Olavarría, Argentina . Datorren astean amaituko da abuztuaren 2an, larunbata, eta 3an, igandea, FEVAk Olavarrian egingo duen Dantzari Tailerrean izena emateko epea. Topaketa Manu Irastorza (Bahía Blancako Unión Vasca), Josetxu Astolfi (Viedma-Patagonesko Aberri Etxea) eta Gaztemundu 2024ko partaide talde batek koordinatuko dute. Olavarriako Gure Etxe Maitearen egoitzan egingo da, eta, ohi bezala, parte hartu nahi dutenek euren euskal etxeari jakinarazi beharko diote. FEVAk uztailaren 25era arte jasoko ditu izena emateko eskaerak.

"Euskal etxeetako dantzarientzako bigarren tailer honek, entseguetako ohiko dinamiketatik atera eta bestelakoak garatu nahi ditu, ikuspegia aldatuz, eta ikaskuntza eta irakaskuntza metodologia aldatuz, eta esperientzia propioak trukatuz. Oraingoan gainera 2024ko gaztemundularien ekarpena izango dugu eta aktiboki parte hartuko dute han ikasi zutena zabaltzeko eta ideia berriak ekartzeko", esan dio EuskalKultura.eus-i Josetxu Astolfik.

Dantzaren kontzeptu integrala

Tailerrak "dantzarien kultur prestakuntza sustatu nahi du eta lagundu Euskal Herriko dantzaren kontzeptu integrala ulertzen, dantza tradizionala integrazio eta sozializazio bide gisa erabiliz, eta dantzariari mugimenduaz gozatzea ahalbidetuz, horren dimentsio ludikoa aztertu eta gorputzaren hizkuntzarekin konektatzeko aukera ematen dioten tresnak proposatuz, euskal dantzaren muina interpretatzeko".

Jorratuko dira besteak beste "dantza sozial eta ludikoak, oinarri koreografiko tradizionala, dantza tradizional jakinen teknika, eta genero identitatearen gaia euskal dantzan gaur egungo ikuspuntutik, Euskal Herritik zein Argentinatik begiratuta".



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia