euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako euskaldunek ere bat egingo dute maiatzaren 15etik 25era luzatuko den Euskaraldiaren 4. edizioarekin

2025/05/14

2025eko Euskaraldia maiatzaren 15ean hasiko da
2025eko Euskaraldia maiatzaren 15ean hasiko da

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. “Elkar mugituz egingo dugu” da Euskaraldia 2025eko leloa eta Euskal Herrian bezala euskal diasporan ere sumatzen da dagoeneko mugimendua. Azken aste hauetan ez dira gutxi izan ariketa soziolinguistiko honetan parte hartzera gonbidatu duten artista, kirolari, kultur erreferenteak… Eta engaiamendu hori, Euskal Herritik kanpo jaio edota bizi diren euskaldunenganaino heldu da eta, hainbat euskal etxe eta elkartetan, egoera eta testuinguru bakoitzetik, ahotsa eman diote proposamenari.

Gogora dezagun Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziolinguistikoa dela, eta 11 egunez luzatzen dela, Euskal Herri osoan eragitea helburu. Epe horretan –aurten maiatzaren 15etik 25era– hiztunek hezurmamitu nahi duten rola aukeratuko dute: “Ahobizi” rolak euskara ulertzen dutenekin euskaraz hitz egiteko konpromisoa adierazten du. “Belarriprest” izatea hautatzen dutenek, beti euskaraz erantzun ezin badute ere, sustengu-emaile dira eta euskaraz hitz egiten dutenei lehenengo hitza euskaraz izatea eskatzen diete eta euskara eurekin ere baliatzea.


Munduko hainbat lekutatik Euskaraldiarekin bat egiten duten jendeak (bideoa Euskaraldia)

Diasporako leku askotan euskararekiko bizi duten egoera ezin da batere alderatu Euskal Herrikoarekin, jakina,  baina hala ere, munduko hainbat euskal etxeek euren jarrera eta bat egitea adierazi nahi dute, ekimenarekiko euren atxikimendua adieraziz, askotan egun bakarrekoak diren ekitaldiak antolatzen, tokian tokiko ezaugarrekin, eta beti ere euskarari babesa eta ikusgarritasuna emateko asmoa gidari.

Lima, Mexiko, Buenos Aires, Montevideo...

Limako Euskal Etxekoak goiztiarrenak izango dira eta 15ean bertan ospatuko dute, afari batekin, hirian dauden Erasmus programako euskaldunak ere propio gonbidatuta. Gaueko leloa “Lehenengo hitza euskaraz” izango da hizkuntzaren erabilera bultzateko eta guztiek izango dute eskura “Egin nirekin euskaraz lasai” esaldia. Arriagako Irakurraldian irakurriko duten Bizeta Mogelen 'Ipui Onac'en zatia ere aurkeztuko dute. Mexiko hiriko Euskal Etxeak, bere aldetik, maiatzaren 24an ospatuko du Euskaraldia, hiru jarduera tarteko: Paella lehiaketa bat, bazkari bat eta Mus eta Partxis Lehiaketak. Izena maiatzaren 20a baino lehen behar da eman. Informazio gehiago, hemen.

Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek piknik bat antolatu du maiatzaren 24an, San Telmo auzoko Lezama Parkean (Pedro de Mendozaren Monumentuan). Eguerdiko 12:30etatik aurrera, iragarri dituzte ikasleen aurkezpenak, ekintzak auzokideekin, kantaldia trikitixirekin… Montevideoko Haize Hegoak sentsibilizazio lana egin du jpan den astean txikien taldearekin eta horrekin lotutako bideo bat zabalduko dute sareetan Euskaraldia hasi eta gero. Horrez gain, maiatzaren 16an Euskal Karaoke bat egingo dute. Informzioa, hemen. Eta Bruselako Euskal Etxeak "Bruselako Gazte Eguna' jaialdiaren baitan ospatuko du, bertan ere maiatzaren 24an. Informazioa, hemen.

Bruselako Euskal Etxea eta Tokyoko Euskal Etxea

Tokion, Tokyoko Euskal Etxearen kasuan, Euskal Herriko ohitura berezienetako batekin ausartuko dira, euren lehenengo bertso lehiaketa irekia antolatu baitute Euskaraldia ospatzeko. Yoyogi parkean izango da —piknika ere egingo dute bertan—, maiatzaren 17an, eguerdiko 12etatik aurrera. Hona bertso Lehiaketako gaiak: 1. Arrozaren prezioa Japonian; 2. Japoniaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak; 3. Gai librea. Txalaparta txikia ere eramango dute Euskal Etxeko lagunek jendeak, nahi duenak bere trebetasuna erakutsi edo lehenengo harremana izan dezan instrumentuarekin. Informazio gehiago, hemen.

Euskaraldiaren webgunea



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia