Brusela, Belgika. Brusela euskal kultura eta festa kolorez margotuko da maiatzaren 24an "Bruselako Gazte Eguna" antolatu baitute bertan Bruselako Gazte Taldeak eta hiriburu europarreko Euskal Etxeak. Aurtengoa ekitaldiaren II.edizioa izango da, eta larunbat goizetik igandeko ordu txikietaraino luzatuko den programak Euskal Herrian sentiaraziko du baino gehiago. Aurtengo edizioak, gainera, bat egingo du Euskaraldiarekin eta euskararen erabilera sustatuko du; hasteko euskaraz iritsi zaizkigu bere komunikazio eta kartelak.
Ekitaldia Bruselako Saint Gilleseko auzoan hasiko da goizeko 11tan, auzoa zeharkatuko duen trikipoteoarekin. Eguerdialdean, herri bazkaria egingo dute Euskal Etxean, kasu honetan 60 eserlekuko mugarekin (erosi lehenbailehen zeure txartela), bazkalostean ere Euskal Herriko moduko giroa lagun. Seietatik aurrera, jarduerak Garcia Lorca kultura aretora pasatuko dira Bidean erromeria talde bizkaitarra oholtza gainean, festa Bizkaiko Golfuek DJ taldeko euskal kantu eta abeslarien doinuekin bukatzeko.
150 bat gazte partaide
Ekimena Bruselako Gazteak taldeak antolatzen du, Belgikako hiriburuan euskal kultura sustatzen duen euskaldun taldeak, elkarlanean Euskal Etxearekin. Taldeak urtebeteko ibilbidea izan du jada, eta urtean zehar barreiatzen ditu bere ekintzak, orain artean “euskal afterwork”ak, zinema eta bertsolaritza emanaldiak eta beste kultura jarduera batzuk, Bruselako Euskal Etxearekin elkarlanean, bere koordinatzaile Andoni Iriondok esan digunez. Gazte Egunean 150 bat pertsonak parte hartzea espero dute.
2025eko Bruselako Gazte Egunean parte nahi dutenek, erosgai dauzkate dagoeneko sarrerak, bazkarirako, erromeria eta abarrerako, 6 eurotik hasita (gaueko sarrera) edo egun osokorako (bazkaria barne, 41 bat euro). Sarrerak hemen.