Buenos Aires, Argentina. Euskal Herritik eta munduan Euskal Diasporaren Eguna ospatu duten hainbat lekutatik paseatu ostean, Argentinara iritsi gara, bertako ospakizunak aipatzera. Irail osoan zehar, Argentinako euskal etxeak jarduera bizian aritu dira Euskal Diasporaren Eguna (EDE) ospatzen. Ekimenen artean, erakusketak, proiekzioak, bilera birtualak, omenaldiak, sare sozialetako ohar bereziak eta topaketa gastronomikoak nagusitu dira. Patagoniatik Litoraleraino oihartzun handia izan dute ekitaldiek, eta herrialdeko eskualde guztietan euskal komunitateek duten bizitasuna agerian utzi dute.
Buenos Aires probintzian, Chacabucoko topaketak arreta berezia erakarri du. Bertan, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, San Nicoláseko Euzkal Etxea, Pergaminoko Lagun Onak eta anfitrioia izan den Chacabuco bereko "Guillermo Larregui" elkarteek ehunka lagun bildu dituzte jardunaldi jendetsu batean. Erronka gastronomiko handia ezarri dute jaiko izar legez: bizkaitar erara prestatutako 1.200 tripaki-anoa zerbitzatzea. Horrez gain, zuzeneko musika, dantzak, euskara tailerrak, haurrentzako nahiz helduentzako jokoak, euskal kirolak eta Gaztemunduri Ateak Ireki programako informazio-puntu bat ere eskaini dituzte. Elkarlanean antolatutako topaketa masiboaz gain, irailaren 8an, Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeak Jose Antonio Agirre lehen lehendakariari buruzko "Buscando a Agirre" dokumentala proiektatu du.
Probintziako egitarauak beste une aipagarri batzuk ere bildu ditu; irailaren 12an Cañuelasen egindako Diasporaren Eguneko V. Kantu Topaketa. Denak Bat elkarteak antolatutako ekitaldi horretan, Las Cañuelas koru taldeak, General Las Heraseko helduen koruak, Cañuelaseko Italiar Elkarteko koruak, Nosotronomá abesbatzak eta Denak Bat anfitrioiak parte hartu dute. Bertan, Perico Iraola batzordeko kide ohia omendu dute. Izan ere, 95 urte baditu ere, egunero joaten da Euskal Etxera musean aritzera. Egun berean, La Platako Euzko Etxeak komunitateari zabaldutako afari-jai batekin ospatu du data. Brandsen partidoan, berriz, bertako Vascos en Brandsen taldeak merienda bat partekatu du irailaren 10ean Corazón de Mandarina kultur gunean, eta bi ekitaldi hunkigarri egin ditu: irailaren 6an, Tandilgo euskal etxeak emandako Gernikako Haritzaren adaxka bat landatu du Gómez herriko Lujango Gure Ama parrokiaren lorategian, eta 10ean, beste horrenbeste egin du Olidenen.
Buenos Airesko lurraldetik kanpo ere antzeko indarrez ospatu da eguna, komunitate-sen handiarekin. Cordoban, Gerora elkarte kulturalak, urteurrena eta efemeridea uztartuz, Eusko Peñaren edizio berri batekin ospatu du, Lurra eta Haizea taldearen partaidetzarekin eta euskal plater tipikoak eskainita. Villa Mariako Euzko Etxeak, berriz, bazkari eta bingo batera bildu ditu bazkideak. Bere aldetik, Rosarioko Zazpirak Bat-ek pintxoak, ogitartekoak eta dantzak osatutako topaketa baten aldeko apustua egin zuen, bere Gaztedi Zutik dantza taldeak antolatuta. Argentina hegoaldean, Comodoro Rivadaviako Euskal Echeak Hiriko Parkean egindako Patagoniako Immigrante Aitzindariaren Desfilean parte hartu zuen irailaren 6an, Gizataldeen Azokaren atarian.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



