New York, AEB. Estatu Batuetako eta Kanadako Euskadiren Ordezkaritzak pasatu berria du informazio eta gonbidapena "Archipelago" euskal komikiaren ingelesezko bertsioaren aurkezpenera bertaratzeko. Komikia Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzia da, Alex Sanvyren ilustrazioak ditu, eta Papercutz argitaletxeak kaleratu du. Lana sormen-ibilbide berezia duen ekoizpena da: istorioa EiTB Podcast-erako sortutako audio-fikziozko serie gisa ("Artxipelagoa") jaio zen, eta gaur egun Guau plataforman dago eskuragarri (euskal audio-paisaia erakustea helburu duen EiTBren audio-plataforma da Guau). Baina geroago istorioa komiki-formatura egokitu zuten; lehenik mugikorretarako komiki gisa, euskaraz, eta geroago Elkar argitaletxeak liburu gisa eman zuen argitara. Orain, Papercutzek argitaratu du ingelesez, beste urrats bat emanez euskal sormen-proiektu honen nazioarteko hedapenean.
2103. urtean kokatuta, "Archipelago"ren istorioa klima-aldaketak suntsitutako mundu batean gertatzen da. Lurraren zati handi bat urpean geratu da, poloetako izotz-geruzen urtze azkarrak eragindako hiru olatu katastrofikoren ondorioz. Telekomunikazioak, nekazaritza eta energia-ekoizpena ia erabat suntsituta daudela, bizirik atera direnek gizarte berri eta zatikatu batean moldatu behar dute; bertan, baliabideen eskasiak eta botere berrien gorakadak aurrekaririk gabeko mundu-ordena bat eratzen dute.
Egileek berek aurkeztuko dute lana New York Comic Con-en —Ekialdeko Kostaldeko pop kulturaren eta komikien urteko azokarik handiena— eta baita ere New Yorkeko Euzko Etxean. Ekitaldiok aukera emango du proiektua ezagutzeko, egile izan dituenak bertatik bertara kontaktatzeko eta euskal istorio garaikide hau New Yorkeko publikoarekin zein hiriko eta AEB osoko euskal komunitatearekin lotzeko, bukatzen da Euskadiren Ordezkaritzaren oharra. Hona aurkezpenen xehetasunak:
— New York Comic Con-en (urriaren 8tik, osteguna – 11era, igandea)
Javits Center, 4457. standa (429 11th Ave, New York, NY 10001)
— New Yorkeko Euzko Etxean (307 Eckford Street, Brooklyn)
Urriaren 9an, ostirala, 19:30ean. Eman izena Eventbriten (doan).
Partaide izango dira Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


