Townsville, Australia. Pozik eta gustura jaso dute Townsvilleko Euskal Etxeko —North Queensland Basque Clubeko— bazkide eta lagunek "Basques in Australia" erakusketaren zabalera euren hirian, euskal elkartearen egoitzan. Paneletan, euren historia, euren familiek eraikitakoa agertzen da. Joan den igandean inauguratu zen, igande honetan ireki eta larunbat honetan, hilak 23, itxiko dena. Hala ere, "Ardoa eta gazta" ekitaldi bat ere antolatu. Erakusketa joan den igandean inauguratu zen eta bihar, ostirala, abuztuaren 22an, bertan biltzera deitu dute, 'Wine and cheese' ekitaldi batera. Inaugurazio ekitaldiak, hirurogei bat lagun bildu zituen, tartean Townsvilleko alkate jardunetan den Ann-Maree Greaney, eta Pedro Mendiolea Euskal Etxeko lehendakaria. Aurreskua EEko kide den Maite Kelly gazteak dantzatu zuen, eta alboan lau dantzari txiki izan zituen.
Ann-Maree Greaney alkateak emozio berezia bizitzen ari zela adierazi zuen aurreskularia dantzan eta dantzari txikiak ikustean, belaunaldi gazteenak baitira segidaren adierazgarri. Prestatuta zekartzan hitzak baztertu eta hitzaldia Australiarako migrazio historiaren garrantziaz egin zuen "gure gizarte multikulturala osatzen duten kulturak atxikitzearen garrantzia"z hain zuzen. Maite Etxeandia Euskal Australiar Alkarteko kideak, bere oporrak baliatuz Australiara bisitan etorria, Eusko Jaurlaritzak eta bera ordezkari den Alkarteak ekoitzi duten erakusketa eta euskal australiarrei sortzen dien harrotasuna nabarmendu zituen, lotura emozional sendoa baitago Australiako eta Euskal Herriko euskal komunitateen artean, esan zuen, eta merezi baitute euren historia kontatua izatea.
EEa, sostengu da Townsvillen. Pedro Mendiolea lehendakaria, bertan jaioa, hizkuntzaz ere da euskaldun
Euskal Herrian jaiotako seiak: Ciriaco; Leo; Jose; Begoña; Carmen eta Connie
North Queensland Basque Club-eko burua bildutakoei zuzentzen, Euskal Etxearen kanpoaldean
Aurreskua banderen eta agintarien aurrean EEko Maite Kelly dantzariak dantzatua. Aupa Mary!
Erakusketa Euskal Etxearen barnean, ateak zabaldu baino lehenago bere 10 panelekin
Pedro Mendiolea eta Ann-Maree Greaney, topa bertako euskal ondarea atxiki eta jorratzearen alde
Bere aldetik, Pedro Mendioleak, North Queensland Basque Center-eko lehendakariak, erakusketaren prestaketa eta historia aipatu zituen, baita Euskal Herrian egoitza duen Euskal Australiar Alkartea erakundearen garapenaz ere. Aipatu zuen era berean erakusketaren programazioa Ipar Queensland-en abuztuan egin dela Queenslandeko Kultur Anitzeko Hilabetearea ospatzen baita eta euskal etxeek berehala, irailaren 8an, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna ospatuko baitute, eta bat eginez. Greaney, Etxeandia eta Mendioleak ere bat egin eta elkarrekin inauguratu zuten erakusketa. Orain arte ikusi zuten bisitariak oso harrituta geratu dira aurkeztutako informazioarekin, izan ere bilduta eta erakusketa batean ikustearekin, euren istorioa baita. Bereziki pozgarria topatu dute argazkietan ustekabeko aurpegiak ikustea, duela urte askotako oroitzapenak astinduz.
Datu moduan, irekieran zeudenen artean, sei ziren solik Euskal Herrian jaiotakoak, eta gainerakoak —gehienak euskal-australiar komunitateko kideak— bertan jaiotakoak ziren, batzuk hizkuntzaz ere euskaldunak. Baina Euskal Herrian jaiotakoak ere, Australia dute euren etxea, batzuk 50 urte eta gehiago baitaramate bertan bizitzen eta familia eta ondorengoak bertan sortuak izanik.
Larunbat honetan Townsvillen ateak itxi ondoren, erakusketa Ingham eta Ayr-era doa, biak euskal emigrazio historikoaren adierazgarri