euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Basques in Australia" erakusketa Townsvillen irekiko dute igandean, ondoko asteetan Ingham & Ayr-era ere eramateko

2025/08/15

Ezkerrean, 'Basques in Australia' erakusketa Ea-tik pasatu zenekoa, Esther Korta bertako alkatearekin; eskuinean, Townsvilleko kartela
Ezkerrean, 'Basques in Australia' erakusketa Ea-tik pasatu zenekoa, Esther Korta bertako alkatearekin; eskuinean, Townsvilleko kartela

PUBLIZITATEA

Townsville, Australia. Iritsi da aukera, Euskal Herrian, bertako Euskal Australiar Alkarteak eta Esther Korta bazkide eta komisarioak, munduaren bestaldera, antipodetara emigratu zuten euskaldunez prestatutako erakusketak Europatik jauzia eman eta Australiaraino iritsi dadin, eta horren lehenengo pausoa datorren igandean gauzatuko da Townsvillen, Erakusketa, eta berau osatzen duten hamar panelak Townsvillera heldu eta bertako herritarren ikusgai ipiniko baitira, ohi bezala eta orain arte proiektu osoan legez, Euskal Australiar Alkartea bera eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkaritza Nagusia, eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza lankide. Bertan, North Queensland Basque Club euskal elkartearen lankidetza baliotsua izan dute, eta Townsvillen, erakusketa, abuztuaren 17tik 23ra zabalik egon ondoren (Corner of Sabadine and Petunia Street, Aitkenvale), segidan Inghamera pasatuko da (abuztuaren 30etik irailaren 6ra) eta gero Ayr-era, bertako Masonic Club eta Burdekin Theatre-n irailaren 28tik urriaren 10era egoteko.

Ibilbide ofiziala 2023ko irailean, Diasporaren Eguna zela eta Gernikan egindako elkarretaratzean hasi zuelarik, bide trinko eta luzea izan du geroztik "Basques in Australia" erakusketa ibiltariak, beti ere Euskal Herriko jende askorentzat hain ezaguna ez den euskal australiar emigrazioaren eta komunitate honen historia eta errealitatea ezagutarazi eta hedatzea helburu. Azkeneko ia bi urte hauetan Euskal Herri osoa ibili du eta, besteak beste iritsi da Gernika, Lekeitio, Ondarroa, Markina, Aulestia, Ea, Ispaster, Arteaga, Kortezubi, Nabarniz, Ereño, Muxika, Busturia, Bakio, Zornotza, Derio, Arrigorriaga, Urduliz, Bakio, Durango (Azokako programapean) Gasteiz (Antso Jakituna Fundazioa), Zarautz, Donostia (Kursaala) eta Donapaleura, eta baita Diasporan ere, hilabete bat egon baitzen Pariseko Euskal Etxean, eta beste hainbeste Madrilen, azken honetan australiar enbaxadore Rosemary Morris-Castico eta goi mailako hainbat instituzio partaide.

Zure euskal etxe edo elkartera eraman nahi?

Egokiera izan duenean, bestelako ekitaldi osagarriak antolatu ditu Erakusketak egon den lekuetan, hitzaldiak, kantaldiak, zinema emanaldiak, batzuetan Australiara emigratu zutenak propio gonbidatuz eta euren lekukotasunak, edo Australian jaiotako euskaldunenak jendaurretuz. Hitzaldi interesgarrienetakoa, Esther Korta komisarioak berak emandakoa izan ohi da, arlo honetan aditua eta liburugilea baita. Interesa nabaria dela, esaten digute. Aukerak eman behar. Eta segitzen dute antolatzaileek Erakusketa leku gehiagotara helarazteko ahaleginean. Oraintxe finkatzen dabiltza, esaterako kokatzea Bartzelonako Euskal Etxean, Mallorcakoan eta Bruselakoan, eta tratuan dira Genovako elkarte batzuekin ere, eta segurtatuta dago datozen asteetan Bilbon, lau hilabetez, Expodistristo-n, eta Gabonak aurretik Amoroton. Australian bertan ere, Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeak lekukoa hartuko dio Townsvillekoari eta oraindik adierazi ez duten data batean zabalduko dute, diosku Esther-ek hala galdetuta.

Norbaitek interesa balu erakusketa bere euskal etxe edo elkartera eramateko, aski du kontsulta egitea eta idaztea euskalaustraliaralkartea@gmail.com helbidera edo Esther Kortari, (+34) 636 132 739. Erraztasun guztiak ematen dituzte. Animatzen galdetzera?



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia